Joan den astean, Gipuzkoako Diputazioak Zestoako Osinbeltz harrobian bizigabetutako hondakinen biltegiaren inguruan herri galdeketa egingo zuela iragarri zuen. Zestoarrek eta oro har, gipuzkoarrek, oso begi onez ikusi duten albistea izan da. Izan ere, Diputazioak herritarren eskaera bati oso modu egokian erantzun dio.

EH Bilduk beti adierazi du herritarren partaidetza bere ekimen politikoaren erdigunean jarriko duela eta gure hitza betetzen ari gara. EH Bildurentzat partaidetza apustu estrategiko bat da eta norabide horretan, aurrera-pausuak ematen ari gara.

2011an herrialdeko erakunde gehienak kudeatzera iritsi ginenean, politika publikoetan herritarren partaidetza anekdotikoa zen Gipuzkoan. Diputazioan Imanol Lasak zuzentzen zuen Parte-Hartzearen Departamenduan, legealdi osoan, dozena bat prozesu abiatu zituen, denak gai txikietan. EH Bilduk, berriz, hasieratik herritarren parte hartzea ildo estrategiko bezala hartu zuen eta legealdi osoan zehar, pausuz-pausu, ekimenak proposatu eta gauzatu ditugu norabide horretan.

Adibidez, Igeldo eta Itziarko herritarrei udalerria izateko nahiaren inguruan galdetu genien. Horrez gainera, ugari eta askotarikoak izan dira gure ekimenak, ehunka, eta demokrazia zuzena arautzeko proposamenak ere egiten ari gara, besteak beste, Donostiako udaletxean edo udal ordenantzen egokitze .

Gobernuan gauden herrietan ere herri galdeketak antolatu ditugu: Azpeitian, Tolosan, Zestoan hainbat eskualdetan foru aurrekontuen partidak erabaki dituzte, eta beste herri askotan prozesu parte hartzaileak sustatu ditugu. Areago, aste honetan bertan jakin dugu Mutrikun ere azaroaren 30an herri galdeketa egongo dela, bi hondakinen bilketa sistemen artean erabakitzeko. Honek frogatzen du gure planteamendua oskoa dela, salbuespenik gabekoa.

Zestoako herri galdeketaren kasuan, Euskal Herrian erakunde publiko batek egingo duen herri galdeketa lotesle garrantzitsuena dela esan dezakegu. Apal eta irmo esan ere. Kudeaketa publikoan ari den alderdi batek bere eskumenaren baitan dagoen horrelako erabaki handi bat inoiz ez du herritarren esku jarri. Ez dago aurrekariarik. EAJk eta PSEk inoiz egin ez dutena egiten ari da EH Bildu.

Adibidez, EAJk eta PSEk Zubietako errauste plantaren inguruan instituzioek bultzaturiko herri galdeketarik ez zuten antolatu, eskaera handia izan arren. Ezta errauste planta horrek sortuko zituen errautsa toxikoak nora bota behar ziren erabakitzeko ere. Eta gauza berdina esan genezake AHTri buruz edo Pasaiako kanpo portuaren inguruan. Bizkaia, Araba eta Nafarroako gobernuek azpiegitura handien inguruko herri galdeketarik ez dute egin. Eusko Jaurlaritzak edo nafar gobernuak ari gutxiago. Defizit nabarmena dago, eta gure ustez bada garaia azpiegitura handiei buruz ere herritarrek duten iritzia entzuten hasteko.

Batez ere Zestoako herri galdeketarekin, EH Bilduk demokrazia parte hartzailearen norabidean ematen duen aurrera pausu bat da, baina argi dago oraindik bide luzea egin behar dugula. Demokrazia errepresentatiboak goia jo du, herritarrek politika publikoen kudeaketan zuzenean parte hartu nahi dute eta instituzioek eskaera horri erantzun behar diote, arduraz, orekaz eta kontrobertsia edo garrantzi handiko gaietan batik bat .

Akordio politikorako enplazamendua

Asko daukagu denok hobetzeko, baina aurrera pausuak ematen hasi behar dugu. Zestoako herri galdeketa jauzi kualitatiboa da zentzu horretan, baina ez bakarra edo hondakinen eremura mugatu nahi dugun ekimena.

Herri galdeketen inguruan eztabaida lasaia eman behar da, Gipuzkoa eta, nola ez, Euskal Herri mailakoa. Herri galdeketak aurkari politikoaren aurkako arma gisa erabiltzeari utzi eta erakunde publiko guztien kudeaketan txertatzen hasi behar da. Hori da, hain justu, Gipuzkoako indar politikoei eskatzen dieguna, gobernatzen ari garen eremuetan herri galdeketak egiten hasi gaitezen, AKORDIOA HELBURU, gogoeta partekatua egitea. Herritarrek hori espero dute guregandik, euren iritzi eta bozken ordezkariak garen neurrian, gai jakinetan, alderdikeriez gaindiko jarrera irekia izan eta herritarrei hitza eta erabakia zuzen-zuzenean ematea. Pertsonen eta oinarrizko eskubideen kalterako aukerarik eskaini gabe, zabaldu dezagun demokrazia zuzenaren esparru publikoa.

Norabide honetan denok, salbuespenik gabe, asko egiteko dugula jakinda, bide amankomuna egiteko prestutasuna adierazi nahi dugu gaurkoan. Jar gaitezen herritarren nahiaren esanetara.