EH Bilduren ekitaldi bat legeztatzearren ertzaintzak Joseba Alvarezen kontra abiatu duen prozedura judizialaren harira, honako adierazpenak egin ditu gaur goizean Joxean Agirrek Donostiako epaitegien atarian.

"Ekainaren 22an Donostiako Nautikoan ekitaldi politikoa egin zen, EH Bilduk deituta. Tramite legala betetzeko, Joseba Alvarezek horren berri eman zuen Ertzaintzaren komisaldegian.

Hortik eratorritako egoerak guretzat onartezina den prozedura poliziala-judiziala abiatu du. Izan ere, Ertzaintzak, aurrea hartuta eta hala erabaki zuelako, galdera zuzena helarazi zion Madrilgo Auzitegi Nazionalari: ea Joseba Alvarez-en egoera (behin-behineko askatasunean) bateragarri ote den halako jardun politikoarekin, bere eskubide politikoak murriztuta dituelakoan.

Horren ondorioz, Auzitegi Nazionalak exhorto bat bidali du, eta Donostiako Instrukzioko 3. Epaitegian deituta izan da Joseba, bere jardun politikoaren berri emateko. Hori dela eta EH Bilduk zera adierazi nahi du:

  •  Ertzaintzak izandako jarrerak eta iniziatibak Joseba Alvarezen eskubide zibil eta politikoak jomugan jartzen ditu. Kriminalizatzen du jardun politikoa eta ANren jarrera antidemokratikoa justifikatzen du.
  •  Era berean, susmopean jartzen du EH Bilduren aktibitate politiko publikoa, ekitaldi politiko bat legalki komunikatzea pertsona baten kontrako diligentzia polizialak abiatzeko aitzakia bilakatzen delako.
  •  Bukatzeko, eskaera zuzena egin nahi diegu Urkulluri eta Herrizaingo sailburuari: ez erabiltzeko Ertzaintza politika egiteko eskubidea kriminalizatzeko; ez baliatzeko Auzitegi Nazionala pertsonen eskubideak urratzeko; eta azkenik, Joseba Alvarezen eskubide politiko eta zibilak ukatu nahi dituzten "bakeran etsaiekin" ez kolaboratzeko."