Ekainaren 30ean Vital eta BBKrekin gertatu bezala, Kutxa banku fundazio bihurtzeko batzarra egingo da bihar.

Azken asteotan agertu dugun bezala, kontrol publiko eta soziala aldarrikatu du EHBilduk eta kutxak banku fundazio bihurtzearen aurka azaldu da, pribatizaziorako urratsa izateaz gainera, Kutxabanken kapital pribatua sartzea ahalbidetuko delako era horretara.

Kontrol publiko eta soziala bermatzeko, EHBilduk bere egunean eztabaida, hausnarketa eta konpromisoa eskatu zituen. Baina eztabaida gauzatzea saihestu da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak baino ez zuen erantzukizunez jokatu; txostena egitea eskatu zuen eta gero jendaurrean aurkeztu zuen bere proposamena. Proposamen horrek ahalbidetzen du kontrol publiko eta soziala mantentzea eta pribatizazioari atea ixten zaio.

Foru Aldundiaren proposamena ilegala zela erantzun zuten zenbaitzuk, baina gaur arte inor ez da gai izan hori horrela dela frogatzeko.

Joan den urriaren 27an Kutxaren batzarreko kide batzuk Foru Aldundiaren proposamena aztertzea eta eztabaidatzea proposatu genuen, baina atzo erantzun ziguten ez zutela eztabaida hori gai-ordenean sartuko; era horretara, agerian utzi dute ez dutela eztabaidarako borondaterik eta kontrol publikoa eta soziala bermatzeko aukerarik dagoen ba ote dagoen ez dutela aztertu nahi.

Ez dute horretarako inolako borondaterik hemen, aurretik BBKn eta Vitalen gertatu bezala, azken hamarkadetako lapurretarik handiena egin nahi dutelako Gipuzkoako herritarren eta instituzioen kontura.

Duela 150 urte, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrezki kutxak sortu ziren, eta bihar EAJk, PPk, PSEk, CCOOk eta Pixkanakak ondare hori guztia, 1.500 milioi eurotako ondarea, bederatzi pertsonen esku utzi behar dute. Bederatzi pertsona horiek ez diote inori konturik eman beharko, eta ondare hori guztia inolako kontrol publiko eta sozialik gabe kudeatu ahal izango dute.

Eskandalu itzela da; zalantzarik gabe salagarria. Horregatik, deituta dauden mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei. Era berean, jakinarazi nahi dugu EHBilduko ordezkariak bi helbururekin joango direla biharko batzarrera: Kutxa likidatu aurretik Foru Aldundiak egindako proposamena aztertzea eta, nola ez, herritar guztion lanari esker lortutako guztia adiskide gutxi batzuen esku utzi nahi duten horien guztien jarrera salatzea. Izan ere, euskal aurrezki kutxen eta Gipuzkoako Kutxaren ondarea, historia eta funtzio sozialerako konpromisoa xahutzeko asmoa baino ez dute.