Gaur Diputazioak Urtetako zabortegia abenduaren 23an itxiko duela iragarri du. Iragarpen honek beste aurrera pausu bat suposatzen du Gipuzkoako Hondakinen plan berriaren ezarpenean. Orain dela urte batzuk San Marko itxi zen eta hurrengo hilabetetan Lapatx eta Sasieta itxiko dira. Honez gero, Gipuzkoa da bere zabortegi kutsakorrak ixten ari den herrialde bakarra.

Bizkaian Artigas-eko zabortegia 2019an itxiko omen dute eta Jata-koak oraindik ez dauka itxiera datarik. Gainera Bizkaian badira beste bi zabortegi oso toxiko, Larrabetzu eta Lemoan, Zabalgarbiko errauts kutsakorrak jasotzen dituztenak. Araban Gordelegik itxiera datarik gabe jarraitzen du eta Nafarroan beste zabortegi asko daude ixteko planik gabe.

Izan ere, Bizkaia da errauste planta daukan eta hemendik aurrera izango duen herrialde bakarra. Aurreko hamarkadako planen arabera, aurki hiru errauste plantak behar zuten martxan, baina Nafarroak eta Gipuzkoak bertan behera utzi dituzte egitasmo horiek. Nafarroako gobernuak pasa den irailean iragarri zuen "proiektua gainditua" zegoela, oposizio osoaren oniritziarekin, PSN, Bildu, Aralar, IU eta Gero Bairen babesarekin, hain zuen.

EH Bilduk 2011ko hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoa bete zuen eta Zubietako errauste plantaren egitasmoa baztertu eta gero, Diputazioak azpiegitura plan berri bat aurkeztu du eta gauzatzen hasi da. Lehenengo, Zubietako TMB berria aurkeztu zuen Diputazioak, ondoren bizigabetutako materia biltegiaren kokalekua eta ezaugarri teknikoak egin ditu publiko. Gero Lapatxen itxiera etorriko da eta TMB amaitzen denean Sasieta amaituko du.

Hondakinen plan integral berriaren gakoa da birziklatzera zuzenduta dagoela, ez hondakinak erraustera. Gure ingurugiroari zor diogun errespetuak hala agintzen duelako, baita Europak agintzen duelako birziklatu daiteken guztia 2020rako ezingo dela ez erre ezta isuri ere. Gainera, Plan berri hau aurrekoa baino askoz merkeagoa da eta oso birziklatze datu onak ematen ditu, gaur egun %42a baino gehiago birziklatzen ari gara Gipuzkoan eta goraka goaz.