Jendaurrean aukeztu zenetik, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga (aurrerantzean AFHZa) eraso guztien jomuga bihurtu da. Horren arrazoia begi-bistakoa da: oro har aberastasunaren gaineko zergak ez dira izaten aberatsen gustukoak eta, are gutxiago kasu honetan, zerga ondo eratuta baitago eta itxi baititu ondarearen gaineko zergek fortuna handien tributazio light bat errazteko izaten duten ihesbide nagusiak.

Zerga berri honi erasotzeko argudio erabilienetako bat da zergadun handiak deslokalizatzeko arriskua dakarrela, alegia, hain entzutetsua den "ondare ihesa" eragin dezakeela. Eraso horiek egitean, bi argumentazio ildori jarraitzen zaie:

a) Alde batetik, jarrera oldarkorrenen diskurtsoa dago, aberatsenen gaineko presio fiskalaren edozein igoeraren egokitasuna auzitan jartzen duena eta dumping fiskalaren apologia zuzena egiten duena. Hona hemen bere argudioa: aberatsei zergak igotzen badizkiegu, tributazio txikiagoko beste lurralde batzuetara joango dira eta, horren ondorioz, inbertsio eta enplegu gutxiago egongo dira. Emaitza: kaltea denontzat izango da. Horrenbestez, zenbat eta txikiagoak izan kapital eta fortuna handien gaineko zergak, gero eta onura handiagoa izango da denentzat (hori bai, gastu publikoa nagusiki BEZaren eta PFEZaren bidez finantzatu bedi, hau da, langileek ordaindu bezate).

Oso diskurtso ideologikoa da, klase interesen defentsa sutsua eginez, baina ebidentzian oinarri ahula duena: frogatu gabe dagoelako kapital eta ondare handien gaineko zerga txikiagoak izateak inbertsio produktiboa handitzen dutela, are gutxiago herrialdean bertan. Aitzitik, askotan inbertsio finantzarioen alde egiten da, nazioarteko merkatuetan, tokiko hazkundeari eta enpleguari muzin eginda.

Gainera, diskurtsoa nahita neurritik guztiz aterata dago, eta entzuten denaren arabera, pentsa liteke aberats handi horiei "Bilduren zerga" deitutakoak beren ondasunen erdia konfiskatu nahi diela, edo antzeko zerbait. Bada, adibide gutxi batzuek uste ustel horiek erlatibizatuko dituzte: 3 milioi euroko ondarea (garbia, alegia, zorrak kenduta) duen pertsona batek gehienez 10.000 euro ordainduko luke; beraz, haren ondarearen %0,33ko kopuruan ordainduko luke zerga. 5 milioi euro izanez gero, gehienez %0,75ean tributatuko luke eta 37.500 euro ordainduko lituzke. Inoiz ez da iristen %1eko tributaziora. Kontuan hartuta kapitalaren batez besteko errentagarritasuna %4 eta %5 bitartekoa dela, ez da sinesgarria zerga ordaintzeko baliabide nahikorik ez duten zerga honen zergadunak daudenik eta, are gutxiago, horrelako pertsonak beste lurralde batera masiboki joateko arrazoi erabakigarri bat denik.

b) Aldiz, beste batzuek diotenez, justizia fiskalaren ikuspuntutik ondare handien gaineko presioa handitzea egokia bada ere, haien ustez, zerga sistema desberdinak eta tributazio exigentzia desberdinak dituzten herrialdeak dauden bitartean, deslokalizaziorako arriskua benetakoa da, eta ondorioz ez dute gomendatzen aberastasunaren gaineko zergak bakarrik herrialde edo lurralde batean ezartzea. Nazioartean (edo gutxienean Europan) zerga sistemei buruzko adostasunaren beharra aldarrikatzen dute, zerga horien eraginkortasuna bermatuko bada.

Zalantzarik gabe, komenigarria eta bultzatu beharrekoa da aberastasuna zergapetzean mundu mailan harmonizazio handiago bat egotea, baina hori ezin da izan bitartean arlo horretan batere ez egiteko aitzakia. Ez da zertan itxoin gainerako herrialde edo lurraldeetan aberastasunaren birbanatzeko neurriak aplikatu arte. Gobernuen eta zerga arloko agintarien borondate politikoaren menpe dago.

Gipuzkoako Foru Gobernuak AFHZ zerga berria ezartzearen alde egiten du, eta arrazoizkoitzat eta erlatiboki kontrolatutzat hartzen duen arrisku maila bat onartzen du, uste baitu beren ondareagatik zerga berriari lotuta gelditzen diren gipuzkoar gehientsuenek solidarioki erantzungo dutela. Eta gainera badakielako deslokalizatzea ez dela hain erraza ezta hain ohikoa, aldaketa fiskal eta sozialerako edozein ahalegin gelditzeko behin eta berriz beldurraren diskurtsoa astintzen dutenek sinestarazi nahi diguten bezala.

Datuek arrazoia eman digute, ordea. Ez dago hitz egiterik ondare ihesaz. Eta alarmaz jokatu eta hondamendia iragartzen zutenen diskurtsoaren aurka doaz: bakarrik 49 zergadunek 2012an ondare zerga aitortu eta 2013an helbidea aldatu zuten, alegia, AFHZa ordaindu behar duten pertsonen %0,62k. Kopuru hori oro har ez da estatistikoki adierazgarria, eta are gutxiago kontuan hartzen badugu haien artean kasu batzuetan ez dirudiela lekualdaketaren arrazoia zerga berriaren presio fiskal gehigarria izan daitekeenik (izan ere, adibidez, helbidea aldatu duten zergadunen %20k zerga txikiagoa ordaindu behar zuen AFHZagatik aurreko ondarearen zergagatik baino). Dena den, begi-bistakoa da, Madril bezalako lurraldeak egoteak (%100eko hobari batekin aberastasun metatuaren gaineko tributazioari dagokionez paradisu fiskaltzat har daitekeena) zergadun batzuek helbidez aldatzea eragin ahal izan duela. Nolanahi ere, pena da gainerako foru ogasunen 2013ko ondare kanpainaren emaitzari buruzko informazio xeherik ez izatea, balorazio osatuagoak egin ahal izateko.

Horrenbestez, ondorioztatu daiteke asmatu dugula Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga ezartzean. Argi eta garbi esan daiteke balorazioa ona dela: zerga egokia da, aberastasunaren gaineko benetako zerga da eta Gipuzkoako sistema fiskalari izaera ekitatiboagoa eta justuagoa ematen dio. Eta, baliabide publikoei dagokienez, nahiz eta zerga honen bilketarako gaitasuna mugatua izan, bildutakoa %47 hazi da ondarearen gaineko aurreko zergan bildutakoaren aldean: 57 milioi euro 39 milioi euroren aldean. Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokionez, zalantzarik ez dago: baliabide horiek lurraldera itzuliko dira, kontsumoa eta inbertsioa sustatzeko eta, azken finean, eskariaren bidez enpleguaren mantenimendua bultzatzeko.