EH Bilduk gizarte zerbitzuen kudeaketa publiko eta zuzena defendatu du gaur, bai eta administrazio bakoitzak bereak diren ardurak bere gain hartzea ere. Era berean, EAJri leporatu dio enpresa pribatuen diru etekinak defendatzea Kabia erakunde publikoa sortzearen aurka agertzeagatik. Kabia Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu du Lurraldeko udal egoitzak bere gain hartzeko, 12/2008 Legean agintzen denez.

EH Bilduk adierazpen hauek egin ditu EAJk herritarrak eta Hirugarren Sektorea beldurtzeko esandako gezurren ondoren, izan ere, jeltzaleek adierazi dute Kabia sortzearen ondorioz irabazi asmorik gabeko elkarteak eta milaka lanpostu desagertuko liratekeela. EH Bilduk gogorarazi du Kabiak bere gain hartuko dituen bost egoitzak (Villabona, Azkoitia, Zumaia, Lasarte-Oria eta Elgoibar) irabazi asmoak dituzten enpresa pribatuei azpikontratatuta daudela, beraz, ez dituzte irabazi asmorik gabeko Hirugarren Sektoreko elkarteek kudeatzen. Beraz, EAJ nahita ari zaie gezurretan herritarrei, enpresa pribatuen diru etekinak defendatzeko.

Gainera, EH Bilduk azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa hartu duela publikoki eta sektoreko lanpostuek bere horretan jarraituko dutela bermatu du, alegia, Aldundiak beren lan baldintzak mantenduko dituela. Egoitzetako erabiltzaile eta bertan daudenen senideei ziurtatu die baita orain arteko arreta eta zerbitzu bera jasotzen jarraituko dutela.

Beraz, EH Bilduk EAJri eskatu dio arduraz jokatu eta gezurra esateari uzteko, halakoak zabalduta, langile, erabiltzaile eta Hirugarren Sektoreko elkarteak larritzen baititu eta hauek ez dute "Kabiarekin inongo beldurrik zertan izan".
Ezkerreko koalizioak onartu du zerbitzu publikoak pribatizatzea beti merkeagoa dela Administrazioarentzat, langileen lan baldintzen prekariotasunari enpresek etekina ateratzen diotelako. Horregatik, azpikontratazio eta prekarietatean oinarritutako EAJren gizarte zerbitzuen ereduaren aurrean, EHBilduk kudeaketa publikoa, zerbitzuen kalitatea eta lan baldintzen duintasuna defendatzen ditu.

EHBilduk, era berean, irabazi asmorik gabeko Hirugarren Sektoreak gizarte zerbitzuen alorrean egiten duen lan garrantzitsua azpimarratu eta nabarmendu du.