Iritzi artikulua: Martin Garitano

Zalantzarik gabe. Hori da Foru Aldundiaren gobernua osatzen dugun guztion aukera, eta hori da, halaber, gipuzkoar gehien-gehienen aukera. Jendarteak ongi daki Gipuzkoak izaera publikoko finantza erakunde bat behar duela, bere beharretara egokitua, eta ez interes pribatuen mendekoa, zer ikusirik ez duena lurraldeko produkzio sareekin, gizarte eta kultur eragileekin eta herritarrekin, oro har. Hala eta guztiz ere, Kutxa kontrako norabidean doa, pribatizazioaren bidean barrena, halabeharrezkoa balitz bezala. Ez, ez da nahitaezkoa. Legeen barruan badago aukera Kutxaren eta Kutxabanken kontrol publiko eta soziala bermatzeko. Borondate politikoa behar da, beraz, besterik ez.

Foru Aldundiak proposamen bat plazaratu du aste honetan, Kutxaren izaera sozialari eusteko: berme juridiko erabatekoa du proposamenak, eta arazorik gabe erabil daiteke BBKren eta Vitalen kasuan, era horretan Kutxabanken kontrol publikoa ziurtatzeko. Horrenbestez, herrigintzari lotutako proposamen bat da, gainerako erakundeekin, gizarte eragileekin, alderdi politikoekin eta, oro har, jendarte osoarekin partekatu nahi duguna. Gure ekimenaren muina erraza da: Kutxak Kutxabanken dituen akzioen (%32) doaneko eskualdatze bat egitea, lurraldeko udalen eta Foru Aldundiaren alde. Kutxak akzioen %4,9 gordeko luke Kutxabanken; horrela ez legoke derrigortuta banku fundazio bihurtzera, eta gizarte-ekintza kudeatzen jarraituko luke fundazio arrunt baten gisa. Proposamenaren oinarrian txosten juridiko bat dago, agerian uzten duena okerra dela azken hilabete hauetan askok zabaldu nahi izan duten ideia: legeak behartu egiten ditu kutxak banku fundazio bihurtzera. Ez da egia.

Kutxaren sorreran diren finantza erakundeak (Caja de Ahorros y Monte de Piedad Municipal de San Sebastián, eta Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa) XIX. mende amaieran sortu ziren, lurraldeko erakundeek bultzaturik, helburu sozial argi batez. Ehun urte luze eman dituzte ikasleei laguntzak ematen edo etxebizitza sozialak sustatzen, kultura edo kirola laguntzen, eta ezinbesteko tresna izan dira Gipuzkoako udalak eta produkzio sarea finantzatzeko. Beharbada, gizarte ekintza hori ez da beti iritsi denok behar genuen edo nahi genuen mailara; erabaki batzuetan, ahots kritikoak ere izan dira, baina aitortu beharra dago erakunde hauen jarduerak lotura estua izan duela lurraldearen garapen sozial eta ekonomikoarekin. Oso antzeko egoera izan dute Arabako, Nafarroako eta Bizkaiko kutxek, baita desagertutako CANek ere.

Aldiz, 1990eko hamarkadan norabide aldaketa bat hasi zen, epe laburreko irabaziak besterik bilatzen ez zuen espekulazio bide bat. Aldaketa hori finkatu egin zen Kutxabank sortu zenean, 2011n, nahiz Foru Aldundia eta Donostiako Udala gogotik saiatu ziren izaera publikoa bermatzen eta gizarte ekintzaren konpromisoari eusten. Kutxen historiari azken kolpea banku fundazio bihurtzearekin ematen ari zaio. Gaur egun, BBK eta Vital banku fundazio dira, eta hango patronoek (15na dira bietan) nahi bezala erabaki ditzakete gauzak, inolako kontrol sozialik gabe. Hori bera egin nahi dute orain Kutxarekin.

Gipuzkoako Foru Aldundia ez dago prest 15 pertsonaren esku uzteko gipuzkoar guztien ondarea —berdin da pertsona horiek Batzar Nagusiek proposatuak izatea, erakunde horrek ez baitu, hortik aurrera, inolako kontrol benetakorik izango har daitezkeen erabakien gainean—. Kutxa pribatizatzea arduragabekeria da, erabatekoa gainera. Nahitaez banku fundazio bihurtu behar horrek ez du balio: frogatu dugu badela beste aukerarik, nahi baldin bada; legeak bidea ematen duela Gipuzkoako erakundeak izan daitezen Kutxaren ondarearen gordailu. Aukeratu beharra dago, beraz: edo Kutxaren jarduera egon daiteke herritarrek hautatutako erakundeen kontrolpean; edo, aitzitik, egon daiteke banku fundazio baten mende, jendartearen aurrean erantzukizun gabea, non 15 patronoak iritsi daitezkeen erakundea espekulatzaileei saltzera, inoren aurrean kontu eman behar izanik gabe.

Gipuzkoan eztabaida hori egingo dugu. Bizkaian eta Araban ere egin behar dute: banku fundazio bihurtze horretan atzera egin daiteke, eta alderdi politikoek izendatutako BBK-ko eta Vitaleko patronoek hala erabaki dezakete, era horretan Kutxabank egon dadin herritarren beharren zerbitzura. Erakundeok, gizarte eragileek eta alderdi politikoek arduraz jokatu beharra daukagu, gure etorkizuna gogor baldintzatuko duen erabaki honetan. Kutxa eta Kutxabank herritar guztiena izatea nahi al dugu? Bai, noski. Badugu beharra eta badugu aukera.