Kutxaren pribatizazioa gauzatzeko beste pausu bat eman dute EAJ, PSE eta PPk gaur goizean: Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileen mahaiak onartu egin Kutxaren Patronatuko ordezkariak aukeratzeko Xabier Iturbe lehendakariaren eskaera. Lehenbailehen prozesua burutu nahi dute eta presa daukate beraien ordezkariak izendatzeko: Aldundiak izaera eta kontrol publikoari buruz eskatu eta jasotzear duen azterketa juridikoa itxaron gabe. Gainera prozesua azkartu egin dute, ordezkariak aukeratu nahi dituzte Kutxaren estatutuak aldatu aurretik. Eta prest daude Patronatuko ordezkariak batzorde soil batean EAJ, PSE eta PPk izendatzeko. Orain arte, ordezkariak beti osoko bilkuretan aukeratu dira.

Zergatik proposatu dute Gipuzkoan bakarrik horrelako prozedura? Araba eta Bizkaian Administrazio kontseiluan bertan egin dute ordezkarien banaketa. Azken finean gauza bera egin dute Gipuzkoan, gaur dituzten gehiengoak baliatu euren ordezkariak aukeratzeko, horren gainean kontrol demokratikorik egongo ez dela jakinik, kontrol publikorik gabe, alegia. Gainera ordezkari hauek betirako aukeratzen dira, jada, Batzar Nagusiek ez dute zer esanik izango.

Iturberen proposamenean esaten da Gipuzkoako Batzar Nagusiak direla Lurralde Historiko honetako ordezkari gorena eta 15 ordezkarietatik 12 aukeratzeko proposatu dio. EH Bilduk argi dauka prozesu honetan ez dela inola ere gipuzkoarren borondatea errespetatzen eta gipuzkoarren nahiaren aurka ari direla pribatizazio prozesua burutzen, urgentziaz eta seriotasun faltaz. Hilaren 19a baino lehen jaso nahi du Iturbek erabakia.

Kutxako ordezkaritza eta pastela berain artean banatzeko presa dute prozedura demokratiko itxura emanaz, eta horretarako batzar nagusiak erabili nahi dituzte. Ez dute hala ere berme juridikorik. Horregatik eskatu du gaur EH Bilduk ez onartzeko proposamena tramitera eta Aldundiak Kutxaren izaera publikoari buruz eskatuta daukan txosten juridikoari itxaroteko. Txosten horrek argituko du Kutxaren izaera eta kontrol publikoa nola gauzatzen den eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek eskumenik duen Kutxaren Patronatuko ordezkariak aukeratzeko. Txosten hori jaso eta ezagutu aurretik itxi nahi dute ordezkarien izendapen prozesua. Seriotasun eta gardentasun falta erakusten du urgentziak.

Gipuzkoako Batzar Nagusien Mahaian EAJ, PP eta PSEk duten gehiengoa baliatu dute Kutxaren proposamenari bide emateko eta batzorde batean erabaki nahi dute Kutxaren ordezkaritza, alderdi horien gustuko ordezkariekin. Lehenbailehen banatu nahi dute pastela, gaia osoko bilkura batera eraman gabe. Ez dute beste era bateko prozedurarik onartu nahi.

Aipagarria da, Gipuzkoako Batzar Nagusiek gehiengo osoz eskatu zuela Xabier Iturbe Kutxako lehendakariaren agerraldia, oraindik banketxe publikoa zenean burutzen ari ziren prozesua eta IRPH indizearen inguruan hartutako neurri bidegabeak gipuzkoarren ordezkarien aurrean azaltzeko, baina lehendakariak ezezko borobila eman zion eskaerari. Ez zuen Batzar Nagusietan azalpenik eman nahi izan.

Halaber, aipagarri da EAJ, PSE eta PP alderdien politika eta erakunde demokratikoen erabilera. Komeni zaienean gehiengoa daukaten erakundeak erabiltzen dituzte euren interesak aurrera eramateko.