Joan den uztailaren 24an Bildu udal taldeak, jakinik Hondarribiko Udalak iraileko jai nagusien aurretik egingo zuen azken udalbatza zela, mozio bat aurkeztu zuen alardearen gaia zela-eta.

Mozio hori hainbat arrazoirengatik aurkeztu genuen:

- Alde batetik, argi geratzen delako, Eusko Jaurlaritzak berriki gaiaren inguruan egindako azterlanean, herritarren gehiengo zabala konponbide baten alde dagoela, alegia, ez duela bere horretan utzi nahi 18 urte luzez dirauen arazo hau.

- Bestalde, bukatu nahi izan dugulako Hondarribiko udal gobernuak (EAJ) hainbeste urtetan praktikan jarritako utzikeriarekin, bai eta gaia eztabaida publikora atera ere. EAJren politika edo estrategia izan da hondarribiar guztien ondarea den Alardea (esku publikoetan betidanik egondakoa) elkarte pribatu baten esku uztearena, modu horretan beraien ardura politikoa saihestuz.

- Eta, azkenik, emakumeon parte hartzearen gainean bakoitzak duen iritziaren gainetik, ikusten dugulako irailaren 8an Jaizkibel konpainiaren pasaeran gertatzen diren jarrerak eta ekintzak ez direla inolaz ere onargarriak. Norbanakoen duintasunaren aurkakoak dira erabat, jarrera erasokorra erakusten dute eta, nola ez, gure herriaren irudia guztiz kaltetzen dute, komunikabideetan urtero irrazionaltasun eta intolerantziaren argazkia erakutsiz.

Hori guztia dela-eta, gatazkaren erdian distentsio giroa lortzeko asmoz, gure mozioa aurkeztu genuen, oinarri-oinarrian hauxe eskatzen zuena: "Hurrengo irailaren 8an Kale Nagusitik Jaizkibel konpainia pasatzerakoan inolako plastiko beltzik, aterki ezkutatzaile, kareta iraingarririk edota irainik egon ez dadin eskaera publikoa egitea".

Jakin badakigu arazoa ez dela plastiko beltzera mugatzen, pauso gehiago eman beharko direla elkar ulertze eta elkarbizitza lortze aldera. Baina bai iruditzen zaigu aurrerapauso nabarmena izango litzatekeela jaiak jai moduan berriz ere bizi daitezen. Eta hor arduradun politikoek lidergo bat jokatu behar dute, herritar guztiei errespetuzko eta duintasunezko jarrera bat erakusteko deia zabalduz.

Tamalez, gure mozioaren emaitza zein izan den badakigu: Udal Gobernuak (EAJ), H1 eta PPren babesarekin, guztiz oinarrizkoa den eskaera honi ezezkoa eman dio. Hain zuzen ere, beraien ezezkoarekin plastiko beltzaren atzealdean jarri dira. Eta ez hori bakarrik, aldi berean, beraiek aurkeztutako mozioarekin Jaizkibel konpainiari leporatu nahi izan diote plastiko beltzaren eta gainontzeko ekintza erasokorren existentziaren ardura. Ezin da onartu erasotua izaten ari denari erasoaren errua gaineratzea.

Ondorioz, prentsaurreko honen bidez zera adierazi nahi dugu:

Hondarribiarrok urte luzeen ondoren hainbeste merezi dugun jai eta elkarbizitza baketsuen alde, herritar banakoari, udal erakundeei eta, bereziki, Alarde fundazioari eskatzen diegu beraien eskutan dagoen guztia egin dezatela Kale Nagusian izaten diren gertaera tamalgarri horiek berriro gerta ez daitezen. Aldi berean eskatzen diegu, eragile desberdinok luzatutako elkarrizketarako proposamenak onar ditzatela, denontzako irtenbide duin baten bila lanean has gaitezen lehenbailehen.