Israelek egunotan Gazan burututako sarraskiak ondorio lazgarriak izan dituenez eta errugabeen kontra egindako eraso bortitzek krisi humanitario izugarria eragin dutenez, Gipuzkoako diputatu nagusi Martin Garitanok eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek iragarri dute palestinarren aldeko diru bilketa bat abiatuko dutela.

Kanpaina izango da Palestinako Aginte Nazionaleko Osasun Ministerioak egindako laguntza eskaerari erantzuteko eta kanpainaren helburu zehatza anestesia-makina bat (30.000 euro) erosi eta Gazara bidaltzea.

Garitanok adierazi du Gipuzkoako bi erakundeon ekarpenez gain, herritarrekin batera egingo den kanpaina dela eta Gipuzkoako udal eta erakundeei dei egin die euren aletxoa jar dezaten. Horretarako Donostian eta Gipuzkoako herrietan banatuko diren kartelak eta eskuorriak egin dituzte.

Izagirrek, bere aldetik, nabarmendu du Gazan une honetan hain beharrezkoa duten giza laguntza eman behar dela, "helburu praktikoa, zuzenean hainbat bizitza salbatzeko balioko duena. Baina, bestetik, oso garrantzitsua da ez mugatzea giza laguntza eskaintzera. Palestinan gertatzen ari dena arazo sakon baten ondorioa delako, eta salaketa politikoa ere egin beharra dugulako, irtenbideak bila daitezen eta arazoaren muinera joan gaitezen".

Bi erakundeok azaldu dute urtean zehar hainbat kooperazio proiektu dituztela Palestinan, elkartasuna eguneroko kontua izan behar duelako "baina oraingo egoerak erantzun azkarra eskatzen du".

Donostiako Aste Nagusiaren atarian, alkateak herritarrak animatu nahi izan ditu Palestinako herriarekin solidario izatera eta elkartasunarekin konprometitzera.

Hau da ekarpenak egiteko kontu korrontea:

Kutxabank: ES11 2095 0611 01 9114122391