EHBilduren emaitzak oso onak izan dira. Gure proiektua gero eta atxikimendu handiagoa lortzen ari da hauteslegoaren partetik. Lehenik eta behin europarlamentaria lortu dugulako eta EH Bildu Hego Euskal Herriko indar bozkatuena izan delako.

Gipuzkoari dagokionez, EH Bilduk oso positibotzat jotzen ditu lortutako emaitzak. Ziklo elektoral osoan, lau hauteskunde mota ezberdinetan, lehenengo indarra izan gara eta gatazkaren konponbidearen zein erabakitze eskubidearen aldekotasuna gure herrialdean gero eta handiagoa da. Bozken %31a eskuratzeak eta bigarren indarrari ia 7 puntuko aldea ateratzeak koalizioaren sendotasuna erakutsi dute.

Orain justu hiru urte, herritarrek EH Bilduri Gipuzkoako erakunde nagusiak kudeatzeko bere konfidantza eman ziotenean, politika egiteko beste eredu bat martxan jartzeko konpromisoa hartu genuen, eta eredu politiko berri bat eraikitzen hasi ginen. Denbora aurrera joan ahala, eredu berri honek aurrera pausuak eta fruituak ematen jarraitzen ditu, eta gipuzkoarren atxikimendua jasotzen duela berriro ere baieztatu dugu.

Izan ere, politika ulertzeko eta egitasmoak aurrera eramateko bi modu daude gaur egun, eta Europako hauteskundeen kanpainan ere bi eredu horiek lehian egon dira. Argi geratu da zein den herritarrek saritzen duten eredua: partaidetza sustatzen duena, herritarren interesak defendatzen dituena, ekonomia suspertzeko enplegu duinaren sorrera, langileen eskubideak eta, besteak beste, ingurugiroaren errespetuan oinarritutako garapena sustatzen duena eta aberastasunaren banaketa bilatzen duena.

Aldiz, beste ereduak, Gipuzkoan 30 urte gobernatzen egon zena eta gaur egun Lakuan dagoena, gero eta arazo handiagoak ditu herritarren konfidantza jasotzeko. Kutxabank-en pribatizazioa bilatzen duena, diru publikoa inbertitzeko AHT bezalako obra faraonikoak lehenesten dituena, osasungintza pribatizatzen saiatzen ari dena eta aberatsen zergak jaitsi nahi dituena,... Eredu hau, finean, ez da gipuzkoarren gustukoa.

Beste aldetik, PNV-k, PSE-k, PP-k, hainbat komunikabide eta patronalaren laguntzaz EHBildu higatzeko martxan jarritako estrategiak ez du funtzionatu. Apaltasunetik eta harro jokatzeko tentazioan erori gabe baloratzen ditugu gure emaitzak, eta beste behin ere hurbilduko gara herritarrengana gure konpromiso politikoaren gako nagusiak zeintzuk diren gogoratzeko: herritarrekin gobernatzea, herritarrekin mobilizatzea, herritarrei hitza eman eta bere erabakiak errespetatzea. Konpromiso hauen oinarritik, Gipuzkoa eraldatzen jarraitzea, pertsonak eta haien beharrak lehenesten jarraitzea. Hau da gure bidaia-orria, eta hauteskunde hauetan ere jaso dugun babesak gure proiektuan sakontzeko indarra ematen digu.

Hauteskunde emaitza hauek PP eta PSOE zigortu dituzte modu nabarian eta are gogorrago Gipuzkoan. Bake prozesua blokeatu nahi izana, erabateko inmobilismoa eta jarrera boikoteatzaileari faktura pasatu zaie herritarren aldetik. PP eta baita PSOE ere maldan behera doazen alderdiak dira eta beren posizioa termino demokratikotan ez zuzentzekotan, itzalik gabeko alderdi izateko arrisku politiko bizian egongo dira.

Bukatzeko, atzo Pello Guibelalde ADEGIko lehendariak eta Arantza Tapia Urkulluren gobernukideak egindako adierazpenen harira, zera esan nahi dugu: bistan dela txanpon bereko bi aldeak direla, eta batak zein besteak ez dituztela onartzen gipuzkoarrek, hauteskundeen bidez, hobesten duten apostu politikoa eta eredu aldaketa. Galtze txarrekoak, irain eta erasoen bideari ekiten diotela berriro ere, langileen eskubideak eta foru gobernua jomugan jarriz. Harrigarria da, finean, gobernu ardura handitan dagoen Tapiak horrelako akusazioak egitea. Onartezina ez ezik, lotsagarria ere bada, eta EH Bilduk ez du elikatuko etengabeko hauteskunde kanpainan bizi nahi dutenen ildoa. Herritarrek igandean berriro ere eman diguten babesarekin, ildo beretik jarraituko dugu, atzokoak bezalako adierazpenak entzunda, nabaria baita ondo ari garela.