Gaurkoan Tolosako Asunción klinikara hurbildu gara, EAJren kudeaketa ereduaren beste ikur batera. Hau da Uberaren interbentzioa:
EAJk, Urkulluren gobernuak, interes pribatuak pertsonen aurretik lehenesten dituenaren beste adibide bat da hau. Zeren, gauza bat da eta zilegi da enpresa pribatuak irabaziak, etekin ekonomikoa helburu izatea. Baina ez da zilegia Administrazio Publikoak enpresa pribatu bati negozioa bermatzea, interes orokorraren gainetik enpresa pribatu baten interesak jartzea, kasu honetan osasun zerbitzu publikoen gainetik.

Urkulluren gobernua, Osasun Sailaren eskutik Inviza enpresarekin (Asunción klinika kudeatzen duen enpresarekin) duen hitzarmena kobertura gisa erabiltzen ari delako, Tolosaldeko Osasun Sistema Publikoa desegiteko, enplegu publikoa desmantelatzeko. Eta ez da guk esaten dugun gauza bat; Legebiltzarrean, gure taldearen ekimenez, gobernuak egin duen ebaluazio txostenean argi jasotzen da eta ikus daiteke. Ez delako hitzarmen hori egin zeuden gabeziak estaltzeko, ez. Hitzartu dira ere dagoeneko osasun zerbitzu publikoan ematen ziren zerbitzuak eta ondoren hitzartu ostean, sistema pribatuko zerbitzua mantendu eta sistema publikokoa kentzen da.

Eta gure buruari galdetzen diogu: ez al da erakunde publiko baten lehentasuna zerbitzu publikoak zaintzea, mantentzea eta bermatzea, herritar guztiei kalitatezko estaldura eskaintzeko?

Eta hau gazteleraz esango dut, atzo Urkullu jaunak gazteleraz esan zuelako. Urkulluk atzo esan zuen EH Bildu zela "radical, rupturista y revolucionario". Y sí, le queremos decir que sí, que tiene toda la razón del mundo: que somos radicales, rupturistas y revolucionarios ante el modelo que privatiza la sanidad y que desmantela el sistema público de salud."

Horregatik, EH Bilduren ustez, eskubideez ari garelako, pertsona guztioi dagokigun osasun babes eta arretarako eskubideaz; Kalitatezkoa, unibertsala, ekitatiboa. Tolosaldeko herritarrak ere gainerako herritarren eskubide berberak dituztelako. Ez gehiago, baina ezta gutxiago Tolosaldeko Osasun sistema publikoa ezin da kolokan jarri. Zeren zer gertatuko da, egunen batean Inviza enpresaren negozio interes esparrua aldatuko balitz, eta erabakitzen badu ez zaiola Osasun Sailarekin inolako hitzarmenik nahi? Edota mila galdera egin diezazkiokegu gure buruari...

EH Bilduk argi dauka:

  • Tolosaldeko herritarrek eskubidea dute kalitatezko osasun zerbitzuak izateko. Eta guztion artean, eragile guztion artean definitu eta landu beharko genituzke Tolosaldeko beharrei erantzun egokia emateko osasun azpiegitura eta zerbitzuak.
  • Eta horretarako gure hautetsiek, gainerako Tolosaldeko beste hautetsiekin batera defendatzen duten mahaia sortzea beharrezkoa ikusten dugu. Iruditzen zaigu ez dela aparteko eskakizuna. Mahai bat, non eragile guztiek parte hartzeko, hitz egiteko, elkarlanerako, adostasunak bilatzeko aukerak ireki ditzakeen. Helburua: 1go pertsonak, 2.nik pertsonak eta 3.nik pertsonak izanik. Herritar guztientzat Osasun babes eta arreta eskaintzeko zerbitzuez hitz egin, egitura definitu eta osasun arreta bermatu.

Ez al du esaten EAJk akordioak eta Pertsonak dituztela helburu. Aukera paregabea dute ekintzen bidez erakusteko. Guk eskua luzatu eta interpelatzen ditugu Pertsona eta Osasunaren mesedetan eragile guztiek parte hartuko duten mahaia elkarrekin sortzeko.Mahairen bueltan zain geratzen gara.