Sindikatuek bost eguneko greba deitu dute Gipuzkoako garbitasun sektorean, maiatzaren 12tik 16ra. Grebaren helburua sektorea arautuko duen hitzarmen duina lortzea da. Lanuzteek enpresei, saltoki handiei, erakundeei, ikastolei eta itunpeko ikastetxeei eragingo diete eta 3.000 pertsonengan eragina izango du.

Elkartasuna adierazi nahi diegu greban dauden langile guztiei. Garbiketa lanetan aritzen diren langileek grebara jo behar izan dute euren lan eskubideak aldarrikatzeko. Estatuko gobernuak hartu dituen neurriek emandako aukerei eutsi diote enpresa buruek garbiketa lanetan dabiltzan langileen eskubideetan atzerapausoak emateko. Horretarako euskarri nagusia lan hitzarmenetan aurkitu dute. Ondorioz, ezeren aurretik gure elkartasuna adierazi nahi diegu euren eskubideak aldarrikatzera kalera atera diren emakumeak nagusi diren sektore honetako langileei.

Garbiketaren patronalak langileen kontura irabaziak pilatzen jarraitzen du. Aldiz, garbitzaileek 2009etik dute soldata izoztuta eta antzinatasuna murriztu diete. EH Bildu Espainiako lan hitzarmenaren aplikazioaren kontra dago eta Gipuzkoako hitzarmena lurraldeko errealitate sozial, ekonomiko eta sindikala kontuan hartuz hemen negozia dadin eskatzen dugu. Izan ere, Madrilen negoziatzen ari diren

hitzarmenetan, lan erreforma espainiarra aplikatu, soldatak izoztu eta antzinatasuna ezabatu dituzte, besteak beste.

Ez da kasualitatea halako lan baldintza kaskarrak garbiketa sektorean gertatzea berriro: emakumea nagusi den lan honek ere gizartearen balorazio eskasa du eta gaizki ordaindutako lana da.

Gipuzkoa mailan gauzatzen ari den greba horren intzidentzia udaletan garrantzitsua izaten ari da. EH Bilduk kudeatzen dituen udalei dagokionez, Lasarten, Tolosan, Ordizian, Azkoitian eta Soraluzen. Baino beste udal batzuk ere badaude. EH Bilduren ordezkariak tentuz aztertzen ari dira herri horietako langileen egoerak eta hartu beharreko neurriak aztertzen ere bagabiltza. Herri horietan zerbitzua esleituta duten enpresekin harreman iraunkorrak ditugu. Egoerak banan-banan aztertzen gabiltza arazoari konponbide justu eta egoki bat eman nahian.

Horren guztiaren aurrean, EH Bilduk honako neurri hauek hartuko ditu:

  • Greban dauden langileen ordezkariekin bilkura dinamika bat irekiko dugu egoeraren berri jaso eta elkarlanean eman ditzakegun urratsak adosteko. Horretan hasiak gara jada, bai herrietan eta bai herrialde mailan. Herrialde mailari dagokionez, ELA eta LAB-erekin bildu gara jada.
  • Halaber, zerbitzu horiek eskaintzen dituzten enpresa nagusienetako enpresaburuekin ere bilduko gara hurrengo egunetan, gaiaren azterketak konpartitu eta soluziobidean jar dezaten eragiten saiatzeko.
  • Garbiketa zerbitzuak kanpora esleituak dituzten udal guztietan, kontratu guztiak errebisatuko dira egoera zein den aztertu eta EH Bilduk kudeatzen dituen instituzioen esku dauden neurri zuzentzaile guztiak ezarriko ditugu. Adibidez, langileen eskubideen murrizketak antzematen baditugu, automatikoki neurriak hartuko ditugu .