Suntsitze ekologiko, sozial, politiko eta ekonomikoaren ikur nagusietako batera etorri gara gaur: AHT eraikitzeko lanen ondora, Bergarara. Gainera, azken egunotan hori guztia erakusten duten albiste kezkagarriak ezagutu ditugu.

Alde batetik, AHT eraikitzeko lanen segurtasuna hutsaren hurrengoa dela jakin dugu, egunkari batek argitaratutako informazioaren bitartez. Hemen bertan, Eskoriatzan, langile bat hil zen, sutara lehergaiak botatzeko agindu zuelako. Horrenbestez, sei dira, jada, AHT eraikitzeko lanetan hildako langileak. Eta langileen segurtasuna horrela bermatzen jarraitzen badute, beldur gara lanak amaitu orduko gehiago izango direna.

Horrekin batera, aurreko astearen hasieran, Katalunian AHT eraikitzeko lanen bidez Espainiako estuaren erakundea den ADIFek eta enpresa pribatu batek dirua poltsikoratu dutenaren zantzuak agertu dira, eta zenbait pertsona atxilotu dituzte. Nonbait, lanen kostuak arrazoi gabe igotzen zituten, soberan gelditutako diruarekin geratzeko.

Baina Kataluniara joan beharrik ez dugu. Hemen bertan, antzeko zantzuak agertu baitira. EH Bilduk jakin du eta jendaurrean salatu du, AHT eraikitzeko Tolosa-Hernialde zatiko lanetan 9 milioi euroko arrazoitu gabeko gainkostua dagoela, obren %77 bakarrik eginda dagoenean. Gainera, zati horretan lanean ari den enpresa Katalunian ustezko ustelkeria egin duen enpresa bera da: Corsan.
Korrika eta presaka atera dira EAJren Jaurlaritzako bozeramaileak gure salaketa arrazoigabea dela esatera. Baina erantzuna epela izan da, eta ez gaitu asebete inondik inora. Nonbait, lanak egiten ari zirela agertutako zailtasunek eta ibilbidearen desbideratzeek eragin dute gainkostua. Arrazoi teknikoek, Jaurlaritzaren hitzetan. Baina ez du inolako borondaterik agertu gaia sakonean aztertzeko.

EH Bilduk bai, ordea. Jaurlaritzak gaia ikertzeko agertu duen borondate eskasa ikusita, Tolosa-Hernialde zatiko diru kontu guztiak auditatzeko eskaera egin diogu gaur bertan Herri Kontuen Epaitegiari. Era berean, Ana Oregi Herri Lan sailburua Legebiltzarrera deitu dugu, azalpenak eman ditzan.

Hauxe da, eta ez beste ezer, AHTren errealitatea. Hauxe da euskal gizarteari egiten dion ekarpena: langileen segurtasun falta izugarria, murrizketa sozialen gainetik inondik inora joango ez den tren bat eraikitzeari lehentasuna ematea, balizko ustelkeria, lanak egiteko behar den dirutza iraingarri horren zati bat alderdi politiko batzuek finantzaziora desbideratzen denaren zantzuak... Espainiako estatuan enpresa eraikitzaile handiek agintean dagoen alderdiari diruz betetako sobreak banatzen zizkiola jakin genuen. Eta zergatik pentsatu behar dugu hemen ere ez dela antzekorik gertatu? Zergatik, bestela, horrenbeste interes inolako errentagarritasunik ekarriko ez duen AHT kosta ahala kosta eraikitzeko? Azken egunotan ezagutu ditugun informazioek gure kezka areagotu baino ez du egin.

Bizi dugun krisiaren ondorioz gorriak eta bi pasatzen ari diren herritarrentzat eta murrizketa bidegabeak pairatzen ari diren herritarrentzat iraingarria da inolako errentagarritasun sozialik ekarriko ez duen tren batetan gu guztion dirua horrela xahutzea. Jaurlaritzak badauka dirua AHTren zentzugabekeria finantzatzeko, baina ez dauka dirurik Fagorrentzat eta Debagoieneko motor industrial nagusietako batek bizirik jarraitzeko edota ez dauka dirurik Arrasateko ospitalean zerbitzu guztiak mantentzeko. Lehentasun kontu batez ari gara, borondate politikoaz, eta EAJk beste behin erakutsi du "Porlana helburu" dela erraietaraino sartuta daukan leloa.

Oraindik garaiz gaude AHTren zentzugabekeria geratzeko. Bizi dugun krisi garaiotan, ez dauka ez hanka ez buru obra faraoniko diru-xahutzaile honekin aurrera jarraitzea. Herritarrak premia sozial larriak dituzte, hezkuntzan eta osasunean murrizketa onartezinak egiten ari dira, gure gizartearen pobrezia tasak maila lotsagarri batera heltzen ari dira... EAJ garai dago oraindik esaten duen hori, pertsonak direla bere politikaren helburua, praktikan jartzeko.