Tapiaren adierazpenak interesatuak eta larriak dira, Diputatuen Kontseiluaren arabera, Gipuzkoan lortzen ari diren datu positiboak desitxuratzea bilatzen dutelako. Gobernu honek bere programa garatzen jarraituko du, herritarren ekarpenak jasotzen, eskaerak biltzen eta kritika suntsitzaile horietan sartu gabe.

Arantza Tapia sailburuak asteburuan egindako adierazpenak aztertu ditu gaurko Diputatuen Kontseiluak. Inolako daturik gabe Gipuzkoan enpresarioen ihesi masiboa gertatzen ari dela aditzera eman zuen sailburuak. Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak interesatutzat eta larritzat jo ditu Tapiaren adierazpenak, eta gezurtatu egin du enpresarioen ihesaren mamua.



Aberastasunaren eta Fortuna Handien Zergak ez du enpresarioen ihesirik ekarri. Zerga horrek ez ditu enpresak edo enpresarioak zergapetzen, aberatsak baizik. Larraitz Ugarte Aldundiko bozeramailearen esanetan, Arantza Tapiak asteburuan egindako adierazpenak erabat interesatuak dira, Gipuzkoako errealitatea desitxuratzeko asmoa dute eta kanpaina kutsua dute.

"Oso larria iruditzen zaigu Kontseilari batek mota honetako adierazpenak egitea", adierazi du bozeramaileak. "Justifikatzen ari da hemen enpresa batzuk joaten ari direla ezartzen diren zergen ondorioz. Zer gertatzen da, aberatsek ez dituztela zergak ordaindu behar? Arantza Tapiak kudeatuko dituen diru laguntza horiek, politika industriala berrizteko, %70ean hemengo zerga bilketarik joaten direnak, horiek guztiak banatzerakoan aberatsek ez dutela ekarpenik egin behar? Eta zer kohesio sozial bilatu behar dugu? Zertaz hitz egiten ari gara? Azpiegiturak egingo ditugu, laguntzak bideratuko ditugu eta hori guztia soldatapekoen bizkar joan behar da?", galdetu du Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak.

Beldurraren estrategia

"Badago nolabait estrategia bat gu Gobernura iritsi ginenetik, zeinaren helburua jendartean beldurra, ikara, zabaltzea izan den. Helburu horrek hasieran efektu bat izan dezake, baina hiru urte eta gero Gipuzkoako jendarteak oso garbi dauka zabaldu nahi izan den beldur hori, mamu horiek ez zutela funtsik eta Gipuzkoak aurrera jarraitzen duela", esan du Ugartek.

Ugarteren iritziz, Adegik, Confebaskek, EAJk eta aholkulari batzuek osatzen duten lobbyak Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren kontra gogor jo nahi dute, eta Gipuzkoako errealitatea erabat txarra dela sinistarazi nahi dute. Hala ere, Gipuzkoa inguruko lurraldeak baino hobeto ezkutatu nahi dute.

Gipuzkoa, ondoko lurraldeak baino hobeto

Datuei erreparatuz gero, eta krisi ekonomikoaren eragin latzak ahaztu gabe, hauxe erakusten dute hainbat adierazlek:

  • Martxoaren 31ra arte, zerga bilketa metatuan, Gipuzkoan baino ez du gora egin: %2,4 hazi da. Bizkaian %0,5 jaitsi da eta Araban %6,94
  • Gipuzkoak du Hego Euskal Herriko langabezia tasarik txikiena. EPAren gaurko datuen arabera, gaur kaleratu den datuaren arabera, urtebetean langabeziak %2,26 egin du behera Gipuzkoan. Araban, 1,18 hazi da, Bizkaian 0,28 hazi da.
  • Gipuzkoa erakargarria da bisitarientzako. Gero eta gehiago. Turismo datuei erreparatuz, iaz milioi bat biztanlek bisitatu zuten gure lurraldea, inoiz baino gehiagok.
  • Berrikuntza alorrean, Alemaniaren pare egongo da Gipuzkoa laster. Barne produktu gordinaren %2,71 bideratzen du Gipuzkoak berrikuntzara. EAEn, %2,12 bideratzen da.
  • Gizarte politika alorrean, Gipuzkoa da kobertura sozial handiena duen lurraldea, estatu guztia kontuan hartuta. Gipuzkoak ez du murrizketa sozialik egin eta gastu soziala handitu du - 2.400 pertsonek kobratzen dute Laguntza Pertsonalerako Laguntza Ekonomiko hau Gipuzkoan, %46ko hazkundea 2012tik. Estatu osoko datuei erreparatuz, jasotzaileen %95 Gipuzkoan banatzen da.

Langile, enpresario eta politikari arduratsuen ahaleginari esker lortzen dira emaitzok, Ugarteren esanetan.

Gobernu honek bere programa garatzen jarraituko du herritarren ekarpenak jasotzen, eskaerak biltzen eta kritika suntsitzaile horietan sartu gabe.

Herritarrei lasaitasun mezua helarazi die Larraitz Ugartek. "Gipuzkoan gainontzeko lurraldetan baino hobeto gaude. Krisiak krisi eta egoera larria izanik ere". Gipuzkoan, enpresario, langile eta politikari arduratsuak egotea da horren arrazoia, bozeramailearen esanetan.