Larunbatean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ikurrinaren aldeko ekitaldia antolatu du, "Geurea Ikurriña" lelopean. Herriaren ikurren defentsa eta kanpotik datozen ikurren inposaketaren salaketa irmoa egitea inoiz baino garrantzitsuagoa denez, larunbatean, 12,30ean, Donostiako Gipuzkoako Enparantzan hasiko den ekitaldian, herritarren borondatea zein den argi erakusteko aukera izango dugu gipuzkoarrok.

Herri batek bere ikurren bitartez adierazten du bere nortasuna, hala nola kulturan, kiroletan, bihotzean eta politikan. Euskal herritarrok, gipuzkoarrok, ez dugu geurea egiten, geurea sentitzen, instituzioen balkoietan iltzatu nahi duten Espainiako bandera. Errealitate hau aspaldikoa da, eta, hala ere, espainar estatuaren setakeriak ez du mugarik. Guztioi dagokigu errealitate hau salatu eta ikustaraztea. Era berean, alderdien arteko lehia legitimoak ezin du erantzun bateratua emateko aukera zangotrabatu. Larunbateko ekitaldia irekia da, non ordezkari instituzional, sozial, sindikal eta politikoak bertan egongo diren, baino batez ere herritarrei zuzenduta dagoen deialdia da. Azken finean, euskal nortasuna, herritar guztien artean eraikitzen da: gure ikurrak zeintzuk diren -eta zeintzuk ez- erabakitzea herritarrei ez beste inori dagokie. Argi dago gure ikurra, gipuzkoarren gehiengo zabal baten ikurra, erabatekoa ez esatearren, ikurriña dela, ez besterik.

Azken mende luzeko historian ugari izan dira ikurriñaren defentsan eta zabaltzean nabarmendu diren gipuzkoarrak. Kepa Ordoki, Gernika Bataloiko burua; Joseba Elosegi, Franquismoa puri-purian zegoenean Artzai Onetik ikurriña bat eskegi eta, gerora, «etsaiari hartutako trofeoak» izenburupean zegoen ikurrina bat Museo del Ejercito Español-etik lapurtu zuena; Jose Angel Iribar eta Inaxio Kortabarria, futbol jokalariak ikurriñaren legeztapenari Atotxan aurre hartu ziotenak; edota Martin Zabaleta, ikurriña Everest mendiko gailurreraino eraman zuena. Beste hamaika ere izan ziren, alderdi, lanbide eta ideologia ezberdinekoak, ikurriñaren alde lan egin zutenak. Berriki zendu den Ramon Labaienek zioen bezala, gure nortasun ikurrak defenditu behar dira siglen eta alderdikeriaren gainetik. Horregatik, larunbateko ekitaldira begira, guztiok gure uneko interes partidistak alde batera utzi behar ditugu eta, herri bat bezala, gurea ikurriña dela aldarrikatu behar dugu. EH Bilduren ordezkariok horixe egingo dugu eta dei egiten diegu beste alderdietako ordezkariei ere gauza bera egin dezaten.

Gipuzkoan, Espainiako bandera ez da ongietorria. Espainiako banderak Euskal Herriaren izaera beraren ukazioa eta zapalkuntza ordezkatzen du. Espainiako bandera gure erabakitzeko eskubidearen urraketaren bandera da. Hori dela eta, denok batzen gaituen ikurriñaren aldeko ekitaldian egongo gara, herritar gehiengoaren nahiarekin bat eginez. Alderdikeriaren gainetik, Euskal Herria aintzat hartzen dugunok larunbateko ekitaldian parte hartu behar dugu. Gipuzkoar guztiak bertara daitezen gonbitea luzatzeko aprobetxatu nahi dut aukera hau.