Gaur Irunen emandako prentsaurrekoan, Irungo III. Berdintasunaren planetik udal gobernuak Alarde eta jai parekideen puntua desagerrarazi duela salatu du EH Bilduk.

Oinatz Mitxelena zinegotziak azaldu ditu sortutako arazoaren nondik norakoak. Berdintasunaren plana egiteko, prozesu parte-hartzailea antolatu zuen Irungo udalak, eragile sozial eta alderdi politikoekin batera. Hamalau programa biltzen zituen zirriborroa osatu zuten eta udal gobernuari helarazi zioten. Plana eztabaidatzen unea iritsi denean, berriz, JAI PAREKIDEEN PROGRAMA desagerrarazi du udal gobernuak. Hau da, Alardea mixto eta publikoaren alde egiten zuen programa inorekin hitz egin gabe desagertu da planetik.

Udal gobernuak egindako gogor salatu du Mitxelenak. Era berean, Santanoren Udal Gobernua erakusten ari den gardentasun eza eta herritarrei informazioa ezkutatzen zaiela nabarmendu dute.

Irungo EH Bilduren aldetik, jai parekideen aldeko apustua berretsi du, eta desagertutako programa horren aldeko hautua egiten dute, herriko jai guztietan, ez soilik alardean.

Lur Etxeberria Legebiltzarkideak egin du sortutako egoeraren irakurketa politikoa.

Irungo alardearen gatazkaren oinarrian dagoena emakumeen kontrako bazterketa da. Zalantzan jarri dira gizonen pribilegioak eta emakumeen rolak. Emakumeek festan modu aktiboan parte hartzea aldarrikatu dute, eta horrek sekulako erresistentziak sortu ditu.

Honek erakusten du, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oraindik lortzeke dagoela eta bide horretan lan egiteko beharra.

Gatazka honen konponbidean ardura berezia dute erakunde publikoek. Haiena da gatazka konpontzeko ardura nagusia, klabe demokratikoan, alardean Irungo emakume-gizon guztien eskubideak berma daitezen.

  • Duela 18 urte azaleratutako gatazka, gaur egun, ez aurrera ez atzera dagoela dirudi. Eta, badirudi, Irungo udalak bazterketa egoera hau normalizatzeko hautua egiten duela. Konponbidean agente aktibo izan baino, nahiago du dagoenean egon.
  • Irungo udalak ukatu egiten du herrian arazo bat dagoenik: diagnostikotik alardearen inguruan azaleratutako gatazka kendu du. Eta Berdintasun Planetik Jai Parekideei dagokion atala.
  • Eta, hortaz, uko egiten dio gatazkaren konponbidean esku hartzeari. Irungo udalak gatazka hori konpontzeko duen ardurari uko egin nahi dio.
  • Baina ez da hori bakarrik: Irungo Udalak alarde sexista babestu eta aitortu egiten du. Emakumeon eskubideen alde esku hartu ez eta bazterketa-egoerari zilegitasuna ematen dio. Ez da onargarria.

Irungo udalaren jarduteko modua salatu nahi dugu.

  • Salatzen dugu Santano, Irungo alkateak, uko egin nahi diola gatazka honen konponbidean esku hartzeari; benetako haustura soziala eragin duen gatazka, luzea eta mingarria.
  • Salatzen dugu, jarduteko modu honekin, Santanok berdintasun politikei eman nahi dien erabilera: Emakume eta gizonen parekidetasuna lortzeko tresna baino, emakume eta gizonen desberdintasunak iraunkortzeko barniz demokratiko gisa.
  • Salatzen dugu, herritarren parte-hartzea norberaren politika zuritzeko baliatzea; oraingoan Santanok egin bezala.
  • Irungo Udalak aurkeztutako III. Berdintasun Plan mutilatua Emakunderen esku dago orain. Emakunderen txostenaren zain. Plana onartzeko ezinbestekoa baita. Edozein modutan, ez da loteslea eta Emakunderen kontrako txostenarekin ere Irungo udalak Plana onar lezake.
  • Emakundek badauka gertatu denaren berri eta zain gaude, bere txostenean zer jasoko.

Bukatzeko, Idoia Ormazabal batzarkideak azaldu du ze nolako trataera izatean ari den Alardearen auzia Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Irungo alardean ez dagoela arazorik irudikatu nahi dute PSEk eta PNVk, eta "normaltasuna" da saldu nahi dutena. EH Bilduk alarde publiko eta parekidearen aldeko mozio guztiak baztertzen dituzte, eta ez diote arazoari heldu nahi. EH Bilduk, berriz, Gipuzkoan jai parekideen aldeko jarrera mantendu izan du eztabaida guztietan. Ormazabalek adierazi du Batzar Nagusietan ordezakritza duten taldeekin bilduko dela gertatutako azaltzeko.