2011ko ekainaren 11n Mutrikuko udal kudeaketara iritsi ginenetik hainbat gai eta erronkari eutsi behar izan diegu. Horien artean Hiri Hondakinen Kudeaketa Sistema egokitzea gai gatazkatsuenetako bat izan da.

Ez dugu ahaztu behar, Europatik datozen zenbait zuzentarauk hala agintzen dutelako, Euskal Herriko udalerri guztiek 2016 bitarteko tartea dugula hainbat erronkari erantzuteko. Horien artean, Hiri Hondakinen birziklatze tasa %60ra eramatearena. Egun %26,49an gaude Mutrikun eta %29,62 Debabarrenean. Horrek guztiak, bai Mutrikun bai Gipuzkoan, sekulako eztabaida eta liskarrak eragin ditu. Ereduen arteko talka azalaraziz.

Mutrikuri dagokionez, mugarri garrantzitsu batzuk eduki ditugu bitarte horretan. Lehena, 2012ko maiatzaren 31n bizi izan genuen, "Ahalik eta hondakin gutxien sortzeko azterketa abiatzeko, konpostatze kanpaina zabal bat egiteko, emaitza onenak lortzen dituen hiri hondakinen bilketa sistemaren alde egiteko konpromisoa hartzeko, eta Mutriku zero zabor lurralde bihurtzeko urratsak emateko" akordioa hartu zuen udalbatza osoaren bilkuran. Ondoren, 2012ko uztailaren 26an, Felix Maria Azpiazu jaunak, Mutrikuko 1.710 herritarren izenean galdeketa baterako eskaera tarteratu zuen, gaur egungo legeria kontuan izanda.

Geroztik, Mutrikuko Udala gaia aztertzen eta liskarrak baztertuko lituzkeen soluzio txukun bat bilatu nahian aritu da. Bide horretan, saiakera nagusia Mutrikuko udalbatzan ordezkaritza dugun alderdietako ordezkariekin egin dugu. Behin eta berriz soluzio bide bat adosten saiatu bagara ere, partidu interesak tarteko ezinezkoa izan da, pasa den astera arte.

Horren guztiaren aurrean, uste osoa dut, udal gobernu honek aurrera pausu bat eman behar zuela. Ez dira lubakitan, trintxeretan, sartzeko garaiak, herriak ez luke ulertuko udal ordezkariok gai honetan hurbilpenerako biderik ez egitea. Bizi dugun egoera ekonomiko gogor honetan zulo ilun batetik irteteko bidean gaudela, ezin dugu herria bestelako zulo ilunago batean sartu. Herriak eta herritarrek ez dute konfrontaziorik behar, ezta nahi ere, eta horrek guztiak narama pentsatzera guztiok egin behar dugula elkar ulertzeko bidea, jarrera partidistak alde batera lagata.

2011 urte hartan Gobernu programan adierazi genuenaren ildotik, "gai estrategikoetan, proiektu berri guztietan partaidetza prozesu bat irekiko da: informazioa zabaldu, debatea eman, eta, beharko balitz, herri-galdeketa burutzeko". Kalkulu koiunturalen gainetik horretan sinesten dugulako sartu genuen hori programan, eta programa betetzera goaz.

Etorkizunak guztiok batera jokatzea eskatuko digula sinetsita, gai honi aurrera egiteko bide bat eskaintzearren, hiru ardatz dituen proposamena aurkeztu genuen pasa den asteko osoko bilkuran:

Lehenik, gaiak nahikoa garrantzi duelako eta trataera bakartu eta berezia behar duelako, "HONDAKINEN BATZORDEA" deituko den Batzorde informatzaile berezia sortzea proposatu dugu.

Bigarrenik, Hiri Hondakinen Kudeaketari buruzko erabaki bat hartzeko, uste dut behar-beharrezkoa dela azken sei urteetan Gipuzkoan zehar martxan jarri diren sistema desberdinen inguruko informazioa eskaintzea mutrikuar guztiei, bai ikuspegi teknikotik bai ikuspegi ekonomikotik. Horregatik, informazio hori gure herritarren artean zabaltzeko PARTE-HARTZE PROZESU bat abiaraztea proposatu dut. Hori izango litzateke batzorde informatzailearen lehenengo zeregina.

Hirugarrenik, parte-hartze prozesu horren azken helburua kudeaketa eredu egokiena erabakitzea izango dela pentsatuta, Mutrikuko Udalak HERRI GALDEKETA BAT deitzea proposatu dugu. Galdeketa noiz izango litzatekeen, galderak zeintzuk izango liratekeen eta prozesua nola egingo litzatekeen Hondakinen batzordeak zehaztuko luke. Hortaz, batzorde horren zeregin nagusia horixe izango litzateke.

Ostegunean egindako osoko bilkuran, egoera desblokeatzeko pentsatuta zegoen iniziatiba honek alderdi guztien partetik oso harrera ona izan zuela azpimarratu nahi dut. Beraz, denon babesarekin iniziatiba honek aurrera egingo du.

Mutriku, 2014ko martxoaren 3an