Zabortegiek arazoak sortzen dizkiete gure herritarrei: usaina, kutsadura... Itxi egin behar dira. Eta gure herrietan ez baditugu nahi, ez ditugu nahi Gipuzkoako beste inongo herritan. Errauskailua bezala. Errauskailurik ez genuen nahi, ez Zubietan, ez beste inon, eta zabortegirik ere ez dugu nahi: ez Zarautzen, ez Azpeitian, ez Beasainen, ez beste inon. Zabortegirik gabeko Gipuzkoa nahi dugu.

Zabortegiak ez dagozkio jendarte arduratsu bati: milaka tona hondakin, baliabide moduan erabil daitezkeenak, xahutzen ari gara: materia organikoa, plastikoak, papera... Horrez gain, Europak 2020rako zabortegiak itxi behar direla dio.

Gure enplazamendua, beraz, garbia da: Gipuzkoak ezin du etorkizuna eraiki zabortegien gainean, eta hondakinen alorrean, zerikusia duten eragile guztiek (Foru Aldundiak, alderdi politikoek, eragile sozialek, udalerriek, mankomunitateek...) koherenteak izan behar dute apustu horrekin.

Foru Aldundiak mahai gainean jarritako proposamena egokia da: iraunkorra, arrazoizkoa eta ekonomikoa. Eta zabortegi guztiak epe laburrean ixtea ahalbidetuko du.

GHKri dagokio azpiegiturak egitea, baina argi dago gainerako eragileen partaidetza ere ezinbestekoa dela: mankomunitateena, udalerriena eta abar.

Alde horretatik, birziklapen helburu batzuk ditugu, alderdi politiko guztiek onartutakoak eta Europak ezarritako bidean jartzen gaituztenak: %60 2016rako. Zabortegiak ixteko helburu horiek betetzea ere funtsezkoa da. Eta hor udalerriek eta mankomunitateek zeresan handia dugu.

Zabortegiak ixteko eta Gipuzkoak behar duen sistema iraunkorra eta eraginkorra izateko, funtsezkoa da adostasun politiko zabalak lortzea. Alderdi politikoek ezin dute traba izan zabortegiak ixteko.

Akordioak posible dira. Azpeitian, adibidez, akordioa lortu dugu EH Bildu eta EAJren artean. Akordio horrek lau ardatz ditu:

  • Errausketarik gabeko eszenatokia onartzen du.
  • Zabortegiak itxi behar dira.
  • Birziklapena da gakoa.

Hau dena bideratzeko, beharrezko azpiegiturak egin behar dira.

Eta galdera bat luzatu nahi diegu beste alderdiei: Azpeitian posible bada, zergatik ez Gipuzkoa osoan?