Igeldoarren urte luzetako aldarrikapenari bide eman zitzaion azaroaren 10eko kontsultarekin. Eta prozedura eredugarri baten ostean, herritarrek hitza hartu zuten kontsultaren bidez. Emaitzak argigarriak izan ziren, gehiengo oso zabal bat udalerri izatearen alde agertu baitzen.

Horren ondotik, instituzioen bete beharra erabaki hori gauzatzea da, eta hala egin du Foru Aldundiak. Legea errespetatzeaz gainera, oinarrizkoa den Igeldoko herritarren erabakiarekiko begirunea azken bururaino eraman du.

Donostiako Udaleko oposizio osoak, aldiz, kontrako norabidean jardun du une oro. Igeldotarren ahotsa aintzat hartu gabe, udalerri izateko bidea helegite judizial baten bidez oztopatu dute. Izan ere, Donostia eta Igeldoko interesak aldi berean defendituz herritar guztien eskubideak uztartzen ahalegindu beharrean, Igeldoko herritarren aurrera egiteko gogoa epaitegietan itotzea hobetsi dute.

Honenbestez, ez da ulertzen halako prozedura eta emaitzaren aurrean, PP, PSE eta PNVk hartu duten jarrera antidemokratikoa. Beste desanexio prozesuetan edo gai ezberdinetan herritarren nahia errespetatzeko erakutsi duten jarrera eta determinazio bera izanda, herritarren hitza eta nahiaren errepetuan oinarri hartuta, Igeldoko auzia bideratuta legoke. Herritarrekin batera, aurrez aurre hitz eginez, konpondu daitekeen arazoak ez luke auzitegietako bidea hartu behar izango.

EH Bilduk behin eta berriro eskaera zehatza luzatu die PNV, PSE eta PPri: herritarren erabakia errespeta dezatela. Hala ere, ez da berandu. Beren esku dago erabakitze eskubideari aukera ematea. Prozesu honetan zehar Igeldoko herritarren ordezkaria den Herri Kontseiluak izan duen lidergoa eta neurritasuna txalogarria da. Hori dela eta, EAE-ko Auzitegi Nagusiaren erabakiak eten duen prozeduraren baitan Igeldoko udalbatzarrean zegozkion zazpi ordezkariak aukeratzea Herri Kontseiluaren esku utzi zuen EH Bilduk. EAE-ko Auzitegi Goreneko erabakia dela eta, aurrerantzean ere bera izango da, adskripzio poltiko ezberdinak alde batera utizta, Igeldoko herritaren nahiaren erakusle behiena.

Gaur gaurkoz Igeldo herria da. Hala erebaki zuten herritarrek, eta aurrera jarraitzeko beren borondate eta gogoa berretsi zuten atzo bertan. Aldebakarreko bideak utzi eta Igeldoko udalerri berria gauzatzeko lanetan elkarren ondoan jarduteko eskatu zigute alderdi politikooi. Elkarlanean jarduteko konpromisoa zehazteko orduan, borondate politikoaz ari gara, norberaren borondateaz. Deialdiari erantzunez, EH Bilduk bere prestutasuna osoa adierazi nahi du, elkarrizketa, borondate eta inizatiba politikoa izan behar baitira herritarren eskaerak asetu eta erabakiak errepetatzeko jardun politiko eta instituzionalaren oinarria.

Ildo beretik, Igeldoko herritarren borondatea eta erabakimenaren legitimitatea errespetatuz, eskatu norabidean behar adina urrats eta ekimen abiatuko dugula ematen dugu jakitera.