Diputatuen Kontseiluak Araba eta Bizkaiko aldundiekin datu fiskalak online konektatzeko hitzarmena onartu du gaur. Hitzarmen honen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste aurrerapauso bat eman du gaur zerga iruzurraren aurka. Erabaki honen bidez, Ogasunak bere jardunean eraginkortasuna handituko du.



Datuak elkarren artean interkonektatzeko premia ikusirik, iazko udaberrian, Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen proposamen bat igorri zien Arabari eta Bizkaiari. Maiatzaz geroztik, hiru aldundiek gaia aztertzen jardun dute, datuak zein modutan partekatu behar diren adosteko. Gaia sakon landu ondoren, orain akordioa lortu da hiru foru administrazioen artean.

Hitzarmen honek Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren artean datuak partekatzeko modua formalizatzen du. Era berean, online konexioan aurrerapauso nabarmenak adostu dira.

Diputatuen Kontseiluak gaur hartutako erabakiaren ondoren, Batzar Nagusiek oniritzia eman beharko diote hitzarmen honi, sinatu aurretik. Martxoaren erdialderako espero da Bizkaiak, Arabak eta Gipuzkoak hitzarmena sinatzea

Aurrerantzean, iruzurrari askoz modu efizienteagoan egin ahal izango zaio aurre, foru ogasunek elkarren artean datuak modu eraginkorrean partekatuta. Iruzurgileei zirrikituak gehiago itxiko zaizkiela uste du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Larraitz Ugarte bozeramaileak iragarri du, Nafarroako Foru Ogasunak ere datuak partekatzeko disposizio osoa erakutsi duela, nahiz eta hori ez izan gaurko gaia.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskerrak eman nahi dizkie azken hilabeteetan lankidetzan jardun duten Araba eta Bizkaiko ogasunei, Gipuzkoatik abiatutako proposamena aintzat hartu eta denen artean osatu dutelako. Lankidetza horrek iruzurraren aurka sendoago jarduteko aukera emango dio Ogasunari.