Gaur hasiko da Donostian Oinarrizko Errentari buruzko XIII Sinposioa, Foru Aldundiak antolatua; bertan aurkeztuko da simulazio bat, ikusteko nola aplikatu daitekeen Gipuzkoan ordainsari unibertsal eta baldintza gabe bat, lurraldeko biztanle guztiei bizitza osoan zehar ordain daitekeena. Gizarte Politikako diputatu Ander Rodríguezek, eta Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomiako katedradun Jordi Arcaronsek aurkeztu dute azterketa hori, frogatzen duena oinarrizko errenta bideragarria litzatekeela Gipuzkoan eta populazioaren % 75en aldekoa izango litzatekeela.

Foru ordezkariak azaldu duenez, jardunaldi hauetan (gaur arratsean eta bihar goizez, sarrera libreaz, Andia kaleko aretoan) «proposamen zehatzak aurkeztuko dira, frogatuko dugu gizarte berdintzaile eta zuzenago bat eraiki daitekeela politika ekonomiko berriak eginez, aberastasuna banatzen lagunduz, pobretasuna murriztuz eta populazio osoaren bizia bermatuz». Politika horien artean dago oinarrizko errenta. Arcaronsek egin duen mintzaldian, argituko du nola finantzatu daitekeen Gipuzkoan halako prestazio unibertsal bat, banakakoa eta baldintza gabea, pertsona bakoitzaren eskubide izango lizatekeena, eskatu ebhar izanik gabe.

Ikertzaile katalanak beste batzuekin batera egindako azterketa horren oinarrian dira 2011n gure lurraldean eskuratutako datu ekonomiko eta demografikoak. Datu horien arabera, gipuzkoar heldu bakoitzak jasoko luke oinarrizko errenta bat, pobretasunaren mailatik gora bizitzeko bermea emango liokeena, hau da, INEren arabera, 2011n Espainian 7.533 euro urtean. Kasu honetan, Arcaronsek oinarrizko errenta Gipuzkoan 7.902 eurotan jartzen du, lurraldean bizi diren adineko guztientzat (658,5 euro hilean) gehi urten beste 1.580,4 euroko ordainsari bat (131,7 euro hilean) adingabeko bakoitzarentzat.

Halako prestazio bat finantzatzeko gure lurraldean 4.857 milioi euro behar lirateke. 1.518 milioi euro etorriko lirateke gaur egun gipuzkoar herritarrek jasotzen dituzten diruzko prestazio zenbateko txikiagoetatik (pentsioak, laguntzak eta gisakoak). Gainerakoa, lortuko litzateke PFEZeko zerga tasa bakarra ezarrita % 40,52an; horrela finantzako litzateke prestazio hau, aldi berean aurrez egiten den PFEZeko zerga bilketa bermatuz.

Era horretako neurri bat aplikatuta, gipuzkoarren % 75ek hobetu egingo luke gaur egungo egoera, hau da, onura ekonomikoak izango lituzke. Hori da populazioaren % 75 diru sarrera txikiagoak dituena; aldiz, PFEZn diru sarrera handienak aitortzen dituen % 10 aberatsenek ekarpen handiagoa egingo lukete, gutxieneko errentaren sistemari eusteko.

Rodríguezek nabarmendu du azterketa honek frogatzen duela oinarrizko errenta bideragarria dela, eta tresna indartsu bat izango litzatekeela gizarte barneko desberdintasunak murrizteko eta pobretasuna desagerrarazteko. Eragozpen teknikorik ez badago, beraz, oinarrizko errenta ezartzeko oztopo bakarrak politikoak dira. Zentzu horretan, azpimarratu du oposizioko taldeek onartu berri duten kontrarreforma fiskala alderantzizko norabidean doala, diru gehiago dutenei presio fiskala arindu egiten baitie, gutxiago dutenen kaltean, noski. Proiektu honek estatuko edo autonomia erkidegoko beste administrazioen adostasuna ere behar luke, haien eskumenei eragingo liekeen neurrian.

Beraz, azterketa honek diseinatzen duen «oinarrizko errenta perfektu» bat Gipuzkoan ezartzea badirudi ez dela berehala egin daitekeen gauza bat, nahiz, diputatuaren iritziz, badiren bitarteko irtenbideak oinarrizko errentaren helburu horretara arian-arian jotzeko, eta horiek Gipuzkoako Foru Aldundiak aintzat har ditzakeen, bere eskumenen barruan. Zehazki, kezkaturik azaldu da Gipuzkoan haurren pobreziak gora egin duelako, eta azaldu du neurri fiskalak aztertu behar direla seme-alaben ardura duten familiei gutxieneko diru sarrera batzuk ziurtatzeko.