Elkarrizketa Berrian Larraitz Ugarte Gipuzkoako Bide Azpiegitura diputatuari:

Etsipen apur batekin mintzo da, baina ahal zuen guztia egin izanaren lasaitasunarekin. Gipuzkoako errepideetan bidesariak jartzeko sistemak aurrera ez duela egingo onartua du Bide Azpiegitura diputatu Larraitz Ugartek (Oñati, Gipuzkoa, 1976). Batzar Nagusiek urtarrilaren 15ean atzera botako dute aldundiaren proposamena. Beste bat egiteko asmorik ez dauka Ugartek. Alferrik dela uste du.

Ia seguru, Arkupe sistema ez da aurrera aterako. Porrot gisa duzu?

Ez. Frogatuta geratu da guk erantzukizunez jokatu dugula; beste batzuek muzin egin diote konponbideari, porrotaren argazkia bilatzeagatik. Pilota beste batzuen teilatuan dago. Lana egin dugu: eskatutako baldintzetan aurkeztu genuen Arkupe. Bineta baten aldeko ginen, hemengo garraiolarientzat egokia zelako, eta autoei eta kamioiei jarri nahi genien. Kontsentsurako proposamen bat egiten saiatu ginen, aurreko legealdian adostutako puntuetan, baina ekonomikoki interesgarri izanik —Etxegaratekoa ez zen; bost bat milioi bilduko zituen—. Ahalegin guztiak egin ditugu. Ez dute gurekin adostasunik nahi, porrota irudikatu nahi dutelako.

Negoziaziorik egon da?

Bilera asko egin dugu. Baina ezezkoa izan da jarrera, ez da egon negoziatzeko borondaterik. Nabaritu egiten da: inork ez du egin kontraproposamenik. Foru arau bat exijitu zitzaigun, eta une oro Etxegaratera itzultzen dira, nahiz eta badakiten ez dela interesgarria eta ez duela arazoa konpontzen.

Eta B planik badaukazu orain?

Ez. 25 euroen neurriarekin lortu dugu bilketaren jaitsiera mugatzea, ibilgailu gehiago erakarri baitugu autobidera. Eguneroko langileek beste bide batzuk erabiltzen zituzten, eta lortu dugu errepide seguruagoa erabiltzea eta bilketaren jaitsiera mugatzea. Gainera, Bidelanekin hogei milioi euroko aurrezkia lortu denez, urtean 3,5 milioi aurreztuko direnez, horrek arinduko du Bidegiren egoera. Ez, ordea, errepideak mantentzen dagoen arazoa. Ez daukagu B planik. Aurrerantzean ere kudeatuko dugu diru publikoaren kontrol zorrotzena eginez, eta ahalbide guztiak bide segurtasunean inbertituz. Baina oso mugatuta egongo gara.

Arkupe sistema moldagarria da?

Oso malguak izan gara. Azkena, faseka egitea proposatu dugu. Aurreko legealdiko ondorio guztiak betetzen genituen bat izan ezik: faseka egitea. Hori ere onartu dugu orain. Ez dago borondaterik.

Eta balizko fase horietan, Etxegarate izan liteke lehen urratsa?

Izan zitekeen. Ez soilik Etxegarate. Deskargan daukagu arazo bat; Markel Olanok bankuekin sinatu zuen Deskargan bidesaria jarriko zela, eta horri soluzioa eman behar zaio. Prest geunden negoziatzeko, baina borondaterik ez dute; gaia bihurtu nahi dute Bilduren porrot politikoaren totem edo.

Batzar Nagusiek esango balute bidesaria jarri behar dela Etxegaraten?

Batzar Nagusiek ez dute alternatibarik planteatu. Foru arau bat aurkeztu beharko lukete, eta ez dute aurkezten. Bere garaian PP Etxegaraten bidesaria jartzearen aurka agertu zen. Gure zenbakiak jakinda, egoskorkeria politikoak bakarrik eraman dezake alderdi politiko bat Etxegarateko proposamena babestera. Legealdi honetan errepideen finantzaketaren etxeko lana amaitu gabe geratuko da. Batzar Nagusietan, ez aldundian. Diputazioak proposamena hor du, eta noizbait hartu beharko da. Europaren babesa du. Denbora aurrera joanda, norbaitek hartuko du proposamen hau.

Arkupe aurkeztu aurretik sukaldeko lana egina zegoen? Araba haserre zegoen, eta Bizkaia, eta Nafarroa...

Bilduk zerbait egiten duenean mundu guztia haserretzen da, eta inork ez daki zergatik. Bizkaiak niri ez dit bidali gutun bat esateko Supersurren bidesaria jarriko zutela. Egur politikoa emateko aprobetxatu dute guk proposamena mahai gainean jarri izana. Bildukoak izateagatik ez dugu baimena eskatu beharrik. Egia da berritzaileak izan garela. Arazoa nabarmena da: Bizkaian, ohiko aurrekontutik 70 milioi baliatzen dituzte autobideen zuloa estaltzeko; lehertuko da noizbait. Nafarroan itzaleko bidesariak dituzte. Gu ausartak izan gara. Azpiegiturak eraiki ondoren geratzen den lasta, hormigoiaren lasta, erakutsi dugu. Jendeak ulertu behar du azpiegitura handiak egiteak izugarrizko ondorioak dituela, zinta bat ebakitzeaz harago. Bi bide ditugu: gipuzkoarrok segitu ordaintzen mundu guztia pasatzen den azpiegiturak, erabili edo ez; edo planteatu errepideen erabilera ordaindu egin behar dela. Barneratua dugu koordainketaren bidez finantzatu behar direla garraio publikoa edo adinekoen egoitzak. Errepideak zergatik ordaindu behar ditu administrazioak soilik? Kultura espainiarraren arrastoak dira. Euskal Herrian gogoeta behar dugu: erabiltzen duenak, kutsatzen duenak, pagatu behar du. Gogoeta behar dugu herri gisa. Ekarpen hori egin du aldundiak.

«Hormigoiaren lasta» aipatu duzu. Errepide gehiegi egin da Gipuzkoan?

Asko, eta oso denbora gutxian, eta kostu izugarriarekin. Soilik AP-1 eta Donostiako bigarren ingurabidean, aurreikusi baino 300 milioi euro gehiago gastatu dira. Aurreikusitako kantitateak izugarriak ziren, eta 300 milioiren gainkostuak egon dira. Izugarrikeria hutsa. Tarte batzuetan %50 ere igo da. Horrek eragin du Bidegiren zorra. 400 milioi euro eskatu behar izan ziren hauteskunde bezperan, eginda zeuden errepide batzuengatik. Egindakoa ordaintzera goaz datozen hogei urteetan. Eta errepide horiek mantentzeko ez daukagu dirurik.

Errepide asko diozu. Gehiegi ere bai?

Gehiegi, eta oso denbora gutxian.

Eta zein dago soberan?

AP-1ari buruz bere garaian egindako gogoetak indarrean daude. Azpierabilita egon da. Batzuek eraiki nahi zuten kosta ahala kosta. Benetan behar zen? Zalantzan jartzen dut. Eta hori bezala, beste hainbat. Eta gero dago proiektu horiek ea horrela ziren. Departamentuan ari gara lehendik zeuden proiektu batzuk birplanteatzen, eta ateratzen zaizkigu lehen milioi batekoak ziren biribilgunean 200.000 euroan. Egunen batean aurkeztu ahal izango ditugu guztiak. Posible da proiektuak era ezberdinean egitea, exekuzioan diru publikoa arretaz kontrolatzea...

Deskargan ari dira obretan. Gainkosturik ez dela izango ziurta dezakezu?

Gainkostu eta sorpresa batzuk izan daitezke. Are gehiago horrelako orografia batean. Posible da beste harri mota batzuk agertzea, lokatza... Gainkostu tarte bat beti egon daiteke. Baina gauza bat da %10-15era jotzea, eta beste bat %50eko gainkostuak egotea. Eta araua hori izatea. Obra batean gerta daiteke, baina guztietan? Obra guztiak egin behar al dira horrela? Hori kritikatzen dugu.

Ez zen kontrolik? Kalkuluak oker?

Galdera horren erantzunik ez daukat. Baina kudeaketa txarraz hitz egin dezakegu. Kudeaketa ona da zorrotza, desbideratze ahalik eta txikienarekin. Horrelako desbideratzeak izugarrikeria dira, eta salagarriak. Kontuen auzitegiak ikerketa abian dauka.

Bidegiren egoera hobetzen ari da?

Oso delikatua da. Kontrola askoz zorrotzagoa da orain, gastuan, inbertsioan eta kudeaketa planean.

Oposizioak dio gehiegizko alarma zabaldu duzula Bidegiko zuloarekin.

Bai. Zeren beste aukera litzateke onartzea guk plazaratutakoa egia dela. Handira jokatu dute: «Ez da egia. Bidegi ondo dago». Baina zenbakiak zenbakiak dira. Ahalik eta gehien murriztu dugu gastua: Bidelanekin akordioa lortu dugu, eta jada ez daude lehengo oparotasun, bazkari eta kontratu blindatuak. Gastuak garbiak dira: mantentze kontratua eta bankuak. Sarreren atala gehitu behar da. Zer egin behar dugu, gipuzkoarren aurrekontutik ordaindu? Autobideko ohiko erabiltzaileek gehiago ordaindu? Ez da justua. Beste errepide batzuetan ere jarri behar dira finantzabideak.

Kudeaketa txarra zela, zorra dagoela, fakturak falta zirela... Gaur egun, nolako harremana duzu EAJrekin?

Oso haserre dago foru gobernuarekin. Haientzat, eurak dira kudeatzaile naturalak. Haien kudeaketa zalantzan jar dezakeen edozein datuk, egiazkoa izanagatik, desegonkortu egin ditu. Esan dute: «Zuek egin zuen bidea, baina guk egindakoa ondo egon da». Eta ez da ondo egon. Errepideen kudeaketa zentzugabekeria hutsa izan da. Ezin txarragoa. Hor ondorioa. Onartu beharrean gauzak ez direla ondo egin, utzitako zuloa konpontzen ez digute utzi nahi. Horregatik ez da Arkupe aterako, babesteak esan nahiko bailuke beharra zegoela. Orain esan dute Bidegi ondo dagoela. Azaldu dugu zer aurkitu dugun, eta min eman die. Harremana txarra da. Umil jokatuta, agian ona litzateke.

Aldundiaren eskua luzatuta egon da. Guk ere begira genezakeen beste alde batera, e? Bidesariak jartzeko proposamena ez da inoren gustukoa. Politikoki gogorra da. Kamioilariak ere atera ziren asteburuan. Ez du saltzen; halere, erantzukizunez jokatu dugu. Guk ez dugu arazoa sortu, eta konponbidea bilatzen saiatu gara. Haiek, umil jokatu beharrean, eurenean segitu dute, eta harro.

Postua arriskuan ikusi duzu inoiz?

Ez. Ez nau kezkatzen. Kezkatzen nau gauero ohera lasai joateak, ondo lo egiteak. Beti egin dut lasai.

Garraiolarien protestek kezkatu zaituzte?

Ez. Errespetatzen dut. Bakoitzak ikusi behar du zergatik protestatzen duen. Egin behar zuena egin du aldundiak: ahalik eta irtenbide egokiena bilatu arazo bati, kontuan edukita Europak mugak jartzen dizkigula. Nahiagoko nuke %13ko deskontuak baino handiagoak egitea hemengo garraiolariei. Baina garraiolarien arazoa ez da bidesariena. Garraioaren eboluzioak eta Europako politika liberalizatzaileek kalte egin diete hemengo garraiolariei. Soluzioa ez dago diputazioaren esku.

Garraioko sindikatuekin zer erlazio?

Askotan eduki ditugu bilerak. Interes korporatibo batzuk dituzte, zilegi direnak. Baina guk interes orokorrari begiratu behar diogu. Eta interes orokorrak agintzen du finantzaketaren arazoari irtenbide bat eman behar zaiola.

Zilegi da kamioiek soilik ordaintzea?

Guk proposatu genuen autoek ere ordaintzea. Hori ere ez zuen nahi oposizioak. Beraz, planteatu genuen foru araua bi zatitan egitea. Baina garbi dut mundu guztiak pagatu behar duela, autoek eta garraiolariek. Gustatuko litzaidake argi geratzea: errepideak erabiltzeagatik ordaindu egin behar da.

Har dezagun N-1a: orduko 100 kilometrotik ezin da pasatu, eta 80tik ere ez zati handi batean. Zilegi da bidesaria jartzea?

Bai. Errepide horretan egin behar dira inbertsio handienak. Izugarrizko defizit historikoa du. Inbertsio berriak egin gabe, errepidea segurtasun baldintzetan jartzeko, 60 bat milioi behar dira. Inbertsioak egitea behar du, seguruagoa izateko.

Mugi txartela martxan jarri duzue. Renfe noiz batuko da?

Lanean ari gara, eta 2014an sartzeko aukera handiak daude.

Erabiltzen da garraio publikoa?

Asko hobetzen ari da. Zona batzuk badira populatuagoak, erabilera handiagoa dutenak, zerbitzua ere hala delako. Eta beste zona batzuk non zerbitzua ez den hain handia, eta erabiltzaileak ere gutxiago diren, eta autora gehiago jotzen duten. Parte hartze prozesu bat egiten ari gara. Donostia inguruko jendeak ezin du imajinatu ere egin zelako prekarietatearekin funtzionatzen den herri arteko zerbitzu askotan. Garraio publikoa prestigiatu behar da: ezin da izan soilik gazteek eta etorkinek erabiliko dutena; guztientzat behar du. Eta bidesariak horri oso lotuta daude: garraio publikoa asko indartzen eta prestigiatzen bada, auto pribatua erabiltzea kapritxoa izan behar du. Horretara jo behar dugu.