EH Bilduko batzarkideek gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan burutzen ari zen Ogasun batzordea utzi behar izan dute, oposizioak kontrarreforna fiskalari buruz eztabaidatzeko aukera ukatu eta gero.

Gaur, EAJk, PSEk eta PPk Gipuzkoan kontra-erreforma fiskalean beste pausu bat eman dute, eztabaida guztiak saihestu ondoren. EH Bilduren fiskalitate ereduak funtzionatzen zuela ohartu ondoren, kontra-ofentsiba adostu zuten hiru alderdiek, patronalaren eta elite ekonomikoen eskutik. Baino kontra-erreforna hori erabat itxita iritsi da Batzar Nagusietara, Gipuzkoara egokitzeko edota hobekuntzak sartzeko aukerarik eman gabe.

Gaurkoa akordio horren ondorioa izan da. Gipuzkoako Batzar Nagusiak ikusle hutsak izan dira prozesu osoan, eta EH Bilduk horrelakorik ezin du onartu. Ezin da horrelako foru arau garrantzitsu bat onartu Gipuzkoan eztabaidatu gabe. EAJk, PPk eta PSEk, gainera, kontra-erreformaren ondorioak hausnartzeko eta leuntzeko batzorde berezi bat osatzea ez dute onartu. Prozesu osoa Gipuzkoatik oso urrun idatzitako gidoi baten eszenifikazioa izan da, Batzarren erabilpen onartezina egin da eta ez dituzte ezta formak ere zaindu.

Izan ere, PPk, PSEk eta EAJk EAE mailan onartutako akordioak hitzez-hitz zioen "konpromisoa hartzen dugu erakunde eskudunetan - Batzar Nagusietan – ez dugula ekimenik bultzatuko edo babestuko, akordio honen bidez onartu diren irizpideak modifikatuko dituztenak". Akordioa itxita zegoen hasieratik, Gipuzkoarren bizkarrean, eta ez dute zirrikiturik utzi aldaketak sartzeko. Honen aurrean, EH Bilduko batzarkideek, salaketa moduan, batzordea utzi behar izan dute.

EH Bilduren eredua "gehien daukanak ekarpen fiskal gehiago egin behar du" arauan oinarritzen da. Eta gure ereduaren ezartzearen ondorio nagusia izan zen Gipuzkoako elite ekonomikoak zergak ordaintzen hasi zirela, ordura arte elusio fiskalerako bide guztiak irekita izan ondoren. Gaur ikusitakoa, Gipuzkoako aberatsen, ADEGIren eta Batzar Nagusietan dituzten aliatuen (EAJ, PSE eta PP) erreakzioaren ondorioa izan da. Hala ere, EH Bilduk bere eredu fiskalaren alde egiten jarraituko du, progresiboagoa, justuagoa eta ekitatiboagoa delako, eta ez dugulako onartzen zerga gehienak langileen bizkarrean uztea, kontra-erreforma honetan nahi duten moduan.