Herritarren erabakia errespetatu: Igeldoko auzian EH Bilduk oso garbi adierazi du zein izan behar duen erabakiak hartzeko irizpide bakarra: herritarren erabakitze eskubidea errespetatzea. Bere txikitasunean, Igeldoren desanexioa onartzea herritarren hitza eta erabakia errespetatzeko ariketa praktikoa da. Eskubide demokratikoak aintzat hartuta, Igeldo Gipuzkoako 89. udalerrian bihurtu da. Erabaki horrekin ados egon ala ez, alderdi eta eragile guztioi dagokiguna da herritarren erabaki hori errespetatzea.



 

Herritarren erabakiari ezin zaio oztoporik jarri: Oso kezkatuta gaude Igeldoko herritarren erabaki hau gauza ez dadin alderdi politiko batzuk egiten ari diren saiakerak. Herritarrek hitz egin dute eta beraien borondatea argi eta garbi adierazi dute: udalerria izan nahi dute. Eta ardura instituzionala dutenei erabaki hori gauzatzea egokitzen zaie.

Erabakitze eskubidea: PSE eta PPren erabakitze eskubidearen aurkako jarrera antidemokratikoa ezaguna da. PP eta PSEk Espainiako Konstituzioa eskuetan hartuta, herri aitortza ukatzen baitie Euskal Herriari eta Kataluniari. Igeldoko kasua ez da berdina, noski, baina funtsean gauza berdinetaz ari gara: erabakitze eskubidearen aitortza.

EAJren jarreraren irakurketa: Benetan argigarria bezain kezkagarria da PNVren jarrera, Igeldoarren erabakitze eskubideari ezetz esaten diolako. Donostiako udaletxean PPrekin eta PSErekin batera Igeldo udalerria ez izateko azken egunetan aurrera eramaten ari den estrategia politikoa eta erabiltzen ari diren trikimailuak, igeldoarren erabakia ez gauzatzea dute helburu bakarra. Zein eta EAJ! Demokratatzat dute bere burua baina lotsarik gabe eskandalua eragiten dute herritarren borondatea errespetatzeagatik.

Enplazamenduak: Dei egiten diegu alderdi guztiei, baino batez ere EAJri, Igeldoarren erabakia errespetatzeko. Dei egiten diogu EAJri Igeldo udalerria izan ez dadin aurrera eramaten ari den iniziatiba guztiak bertan behera uzteko. Oraindik denbora dago, 27ko osoko bilkura baino lehenago, erabakitze eskubideari errekurtsorik ez sartzeko. EAJren esku dago Igeldokoa bezalako ariketa demokratikoak egiten hastea. Euskal Herritar gehienak zain daude. Gu prest gaude elkarlanean aritzeko, beti ere herritarren erabakia errespetatzeko baldin bada. Herritarren erabakia ez onartzeko estrategiak adosteko bada, EAJk badaki zeinekin lerrokatu behar den, PSE eta PPrekin. Espero dezagun 27ko osoko bilkuran erabakitze eskubidearen hiruko fronte bat ez osatzea.