Lehenik eta behin Igeldoko herria zoriondu nahi dugu, urte luzetako ukazioaren ostean, beraien borondatea aurrera eraman ahal izan dutelako. Eta zoriondu behar dira ere prozesu guztian izan duten jarrera eraikitzaileagatik. Gipuzkoako Foru aldundiak izan duen jarrera eta hartu dituen erabakiak ere zoriontzekoak dira.

Igeldon azken hilabeteotan eman den prozesua, demokrazia ariketa eredugarria izan da. Urte luzetako aldarrikapenari bide eman zitzaion azaroaren 10eko kontsultarekin. Eta prozedura eredugarri baten ostean, herritarrek hitza hartu zuten kontsultaren bidez. %72ko parte hartzearekin erabakia hartu zuten igeldoarrek: %61 udalerri izatearen alde, %36 aurka.



Horren ondotik, instituzioen bete beharra erabaki hori gauzatzea da, eta hala egin du Foru Aldundiak. Igeldoko emaitzek ez dute zalantzarako izpirik uzten. Igeldoarrek udalerria izan nahi dute.

Honen aurrean, ez da ulertzen halako prozedura eta emaitzaren aurrean, PP, PSE eta PNVk hartu duten jarrera antidemokratikoa. Herritarren hitza eta erabakia mespretxatzen entzun ditugu batzuk eta besteak, Euskal Herriaren edota Catalunyaren herritarren borondateari buruz hitz egiteko erabiltzen dituzten esamolde eta titular berdinekin. EH Bildutik eskaera zehatz bat luzatzen diegu: herritarren erabakia errespeta dezatela.

Areago, enplazamendu berezia egin nahi diogu PNVri. Izan ere, aukera paregabea du herritarren erabaki ahalmenean sinisten duela frogatzeko. Teorikoki herritarren erabakien errespetatzearen aldekoa bada, EAJk ezin du igeldoarren erabaki nabarmen honen kontra egin.

Jakin badakigu, PSE eta PPrekin batera, PNVk urgentziazko mozioa aurkeztuko duela Donostiako udaletxean Igeldo herri izateko erabakiaren kontra. Mozio horren helburua da errekurtso judizialaren bidez behin behineko neurriak eskatzea Igeldo herri izateko erabakia bertan behera uzteko. Hori egitea herri borondatearen aurkako atentatu larria izango litzateke.

Igeldo herria da, eta biharko plenoan PNVk ez badio bide ematen errekurtso judizialari, herria izaten jarraituko du. Borondate politikoaz ari gara, norberaren borondateaz. Labur esanda,PNV-k Igeldorekin ezin du egin Rajoy Catalunya-rekin egiten ari den gauza berdina.

Erabakiak ibilbide laburra duela aipatu du PNVk, eta guk, zalantzarik gabe esaten diogu, hori bere esku dagoela. Bere esku dago igeldoarren erabakia errespetatua izatea. PNVk aukeratu beharra du: PP eta PSE-rekin lerratuz inposizioari bide eman, edo igeldoarren errabakia errespetatu. Ez dago hirugarren biderik. Honenbestez, bide judiziala baztertu dezan gonbidatzen dugu PNV.