Gaur, Bildu eta Aralar batzarkide taldeok prentsaurreko honen bidez, Ion Jauregi azaroaren 28an Kutxako Administrazio Kontseiluan, IRPHaren aplikazioa bertan behera uztearen inguruan emandako kontrako bozka publikoki salatu nahi dugu.

Gai honen inguruan errepaso txiki bat eginez, aspaldi desagertuta egon beharko lukeen IRPH indizea ezarrita duten herritarrek, gogoratu nahi dugu, 300 eta 400 euro bitartean ari direla gehiago ordaintzen, hilero, banku eta kutxei mailegu hipotekarioengatik.

Europar Batasunak gardentasun ezagatik indize hauen desagerpena eskatu zuenetik lau urte pasa dira, bi urte Estatuak bere desagerpena onartu zuenetik, urte bete gardentasunaren ministerioko agindua indarrean sartu zenetik,...horrela azaroaren batera iritsi arte. Data honetatik aurrera IRPHak behin betirako ofizialki desagertzen dira eta egoera honetan dauden Gipuzkoar gehien gehienek, Kutxabankeko kontratuetan dioenez, euribor+1 ezarrita eduki beharko lukete.

Egoera honetan eta Kutxabank IRPHa mantentzen ari dela kontuan hartuz, EHBilduk, berriz ere, Kutxako azkeneko Administrazio Kontseiluan gai honen inguruko bozka eskatu du, ondorengo terminoetan: "Kutxako Administrazio Kontseiluak, Kutxabanki eskatzen dio, bete dadila hipoteka kontratuetan dioena, bertan ezarrita dagoen ordezko klausula aktibatuz edo zehaztua ez dagoenetan bi parteen artean adostuko dena, debengoarekin". Ikuspegi etikoa eta dagoeneko legaletik onartezina izan arren, berriz ere, EAJ, PSE eta PP kontra azaldu ziren.

Orain arte, Kutxabank Espainiako trikimailuak eta kobertura erabiltzen aritu da usurako indize hauek mantentzeko. Gipuzkoako Kutxari dagokionez, bezeroek epaitegietan salaketak jartzen ari diren bitartean, Kutxako Administrazio Kontseilua Kutxabanki babesa emanez, behin eta berriz ari da aldaketa oztopatzen. EAJ eta PSE eskizofrenia politikoa erabiliz diskurtsoetan afektatuen alde azaltzen ari diren bitartean, erabakitze guneetan kontrako bozka ematen ari dira.

Ildo honetan gogoratu nahi dugu azaroaren 6ko Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran, IRPHaren inguruan EAJ eta PSEk adostutako erdibideko zuzenketa onartu zela eta ondorioz Batzar Nagusiek 90/2013. erresoluzioa ebatzi zutela. Bertan, bigarren puntuan Gipuzkoako Lurralde Historikoan bulegoak dituzten kreditu erakunde guztiei euribor indizea gehi puntu bateko ordezko klausula berehala aplikatzeko eskatzen zaie, legez egokitu arren 2013ko azaroaren batetik aurrera oraindik —era bidegabean— aplikatu ez duten kasuetan.

Erresoluzio hau plazaratu eta egun batzuk beranduago, esan bezala azaroaren 28an, Kutxako Administrazio Kontseiluan PSE, EAJ, CCOO, PP eta Pixkanakak ordezko klausula aktibatzearen kontra bozkatu dute. Baina kasu honetan, larritasun berezi bat azpimarratu nahi dugu, Ion Jauregi Batzar Nagusietako ordezkariak ere, bere alderdi politikoaren interesak babestuz, Gipuzkoako Batzar Nagusiek ebatzitakoaren kontra bozkatu duelako.

Hori dela eta, IRPHa mantentzearekin batera Kutxabank eta Kutxak duten jarrera salatzeaz gain, gaurko prentsaurrekoaren bidez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Kutxako Administrazio Kontseiluan ordezkari duten Ion Juaregi jaunaren dimisioa eskatu nahi dugu. Herritarron interes kontrako jarrera babesteaz gain, Gipuzkoako Batzar Nagusiek ebatzitakoaren kontra ere, egin duelako, herritar eta instituzio honekiko duen bere konpromisoa betetzeko ezintasuna erakutsiz. Gipuzkoako Batzar Nagusietan Ion Jauregiren gaitzespena eta dimisioa eskatzeko ekimena martxan jarri dugu.