Gaurko prentsaurrekoaren helburua, 2013 urtean Goierrin hondakinen kudeaketan eman diren aurrera pausuen balantzea egitea da.

Goierriko EH Bilduk Zero Zabor filosofiaren aldeko apustua egin zuen legealdi hasieran eta hondakinen arazoari irtenbide integrala ematea lehentasunezkoa izan da hilabete guzti hauetan. Pasa den otsailean, goierritarren aurrean adierazi genuen EH Bilduk Goierrin herriz herri eta auzoz auzo, konponbide horren alde iniziatiba berriak hartuko zituela, beti ere herritar eta eragile gehienekin elkarlanean.

Gaur esan dezakegu Goierrin aurrera pausu nabarmenak eman ditugula eta jadanik gure eskualdea Euskal Herri osoan gehien birziklatzen duen eskualdea dela. Eta garrantzitsuagoa dena: goierritarrok sortzen ditugun hondakinekin dugun arazoa konpontzeko egundoko jauzia eman dugu 2013urte honetan.

Emaitzak oso onak izaten ari dira. Oraindik urtea ez da bukatu eta jadanik birziklatze tasa %50ean dago, hori da urriko datuek diotena. Hau da, goierritarrok sortzen ditugun hondakinen erdia berriro erabili eta ekonomiaren zikloan sartzeko gai izan gara, hau hasiera besterik ez da. Dena ongi badoa, Gipuzkoak 2016rako finkatuta duen %60eko tasako helburura iristen lehenengo eskualdea izango gara. Azken hau, albistea oso ona izango da Goierrin bizi garenontzat, ingurugiroaren errespetuari dagokionez egundoko ekarpena suposatzen duelako.

Bestalde, bilketa sistemaren inguruan hasiera batean sortu ziren polemika artifizialak eta gaizki ulertzeak gainditzen ari garela oso nabarmena da gure kaleetan. Gure eskualdean atez ateko sistema desberdinak ezarri dira, herri bakoitzean bertako populazioaren beharrei gehien egokitzen den sistema aukeratuz. Hauetako herri batzuk ia %90eko marka lortzen ari dira eta denak %70tik gorako emaitzak ematen ari dira lehenengo hilabete hauetan, baita Legazpiko sistema mistoak ere.

Gure eskualdean, ia herritar gehienak eta udalerri gehienak Zero Zabor norabidean daudela esan daiteke. Oraindik orain, zoritxarrez, badaude birziklatzeari oztopoak jartzen dizkioten sektore politikoak, baino akordioaren bidez Zero Zabor filosofia eskualdeko azken txokoraino eramateko konpromisoa du EH Bilduk, baita gutxiengoan ari garen udaletan eta PSE-EEk gobernatzen duen Zumarragan ere. Ataunen ikusi ahal izan dugunez, borondatea egonez gero akordioetara iristea posiblea da.

Hori da gure nahia eta asmoa, hondakinen bilketa sistema definituta ez dauden herrietan bilketa eraginkorraren inguruan akordioetara iristea. Uste dugu Beasain, Idiazabal, Zegama, Urretxu eta Zumarragan ere akordioarena izan behar duela bidea, hori da EH Bilduren borondatea.

Otsailean genion bezala, herri bakoitzak erabaki behar du zein erritmoetan eta zein modutan egin nahi duen, baina helburua argia da: ahalik eta gehien birziklatzea eta birziklapen tasara %80ra hurbiltzea. Eta eskualdeko herritar guztiei bere hondakin guztiak era arduratsuan sailkatzeko aukera eman behar zaie eta herritarron bete beharra da abiapuntuan hondakinak guztiak sailkatzea.

Bizilagunok gure aldetik pittin bat jarrita eta kudeaketa publiko on batez lagundurik emaitzak erabat bestelakoak izan daitezkeela erakutsi dugu. Hondakinak zabortzat jotzeari utzi behar diogu eta baliabidetzat hartu behar ditugu hondakinok: hondakinon birziklatzeak lanpostuak sortzen ditu, gasak atmosferatzea gutxitzen du eta ingurumenaren gaineko eragina gutxitzeaz gain, bertako ekonomia sustatzen du, hain beharrezkoa dena ekologikoki eta ekonomikoki iraunkorra izango den etorkizuna bermatzeko.

Ez dugu aukera hau pasatzen utzi nahi goierritar guztiak errauste planta bertan behera utzi izanagatik zoriondu gabe. Esan bezala, goierritarrak, ere, aitzindariak gara hondakinen kudeaketa iraunkorragoak eta osasuntsuagoak ezartzerakoan. Atzean utzi ditugu hondakinak nahastuta botatzen ziren garaiak, eta hori zen errauste plantan oinarritutako sistemaren funtsa. Etxean egunero goierritarrok gure hondakinak sailkatzeko egiten dugun esfortzu txiki horrek bere emaitzak lortu ditu, eta horien artean, Gipuzkoan errausketa planta toxikoaren proiektuaren itxiera. Honez gero, gure airea osasuntsuagoa izango da, guretzat eta gure seme-alabentzat.