Atzo, Gipuzkoako Diputazioak publiko egin zuen Bidegi-k eta Bidelan-ek bien arteko kontratua negoziatu eta akordioa sinatu dutela, aldatzeko. Horren arabera, 17 milioi euro aurreztu ditu Aldundiak. Zerbitzu berdina jasotzeagatik 17 milioi aurreztuko ditu hurrengo hiru urtetan. Hau da, enpresak zerbitzu berdinak emango ditu eta gipuzkoarrok 17 milioi gehiago izango ditugu gehien behar dutenentzat, azpiegiturak hobetzeko, lanpostuak sortzeko...

Bidelan-en kontratua sinatzerakoan, EAJk negozio benetan txarra egin zuen Gipuzkoarako eta gipuzkoarrentzako. Askoz merkeago balio zuen Bidelanek ematen zuen zerbitzu horrek. Gipuzkoarren interesen aurkakoa zen, eta enpresarien onura bakarrik bilatzen zuen. Zer dela eta EAJk sinatzen dituen horrelako kontratuak? Hau da EAJren kudeatzeko gaitasuna eta savoir-faire?

Bidelan auzian ikusi da Gipuzkoa gobernatzeko bi eredu kontrajarri daudela: Bata EAJrena, 30 urte Aldundia kudeatzen egon dena eta enpresa batzuen mesedetan gobernatzen egon dena. Eta bestea, EH Bildurena, gipuzkoar guztien alde dagoena, eta kasu honetan 17 milioi berreskuratu dituena gipuzkoarrentzat.

Bidelan auzia krisia eragin duen ereduaren adibide paradigmatiko da: enpresa pribatu batek (Bidelan) zegokiena baino askoz diru gehiago jasotzen zuen enpresa publiko baten (Bidegi) aldetik. Bitartean, Bidegik 900 milioietako zorrak pilatu ditu. Diru publikoa esku pribatuetara pasatzeko tresnak izaten dira Bidelan bezalako azpi-kontratazio mota hauek, batez ere gero dirua ia kontrolik gabe mugitzea ahalbidearazten dutelako. Hauxe da EAJk egin duena Bidelan-ekin eta zoritzarrez ez da kasu isolatua izan. Adibide asko daude: Errepideak, BEC, errauskailua, Epsilon...

Zorionez, Diputazioak lortu du Bidelan-en kontratuak eragiten zuen sangria gelditzea. Gainera, akordioa izan da erabili den tresna. Horrela, bi asteren bueltan, akordioa sinatu du Diputazioak errauskailua ixteko eta Bidelan-en kontratua hobetzeko. Hau da, EAJk eragindako bi zulo handienetarikoak estaltzea lortu dugu. EH Bilduren Gobernuak badaki gobernatzen eta, gainera, herritarrekin eta herritarrentzat egiten du. Eta horrela jarraituko dugu.