Sevillako kartzelan dauden euskal preso politikoen egoera benetan larria da. Bere eskubideak erabat zapalduta daude eta bizi-baldintzak jasan-ezinak dira. Bi egunetik behin bakarrik ateratzen dira ziegatik, urtetan isolatuak dituzte -nahiz eta neurri hau salbuespenekoa izan-, ezin dute kartzelako aktibitaterik egin... Eta gainera, espetxeko funtzionarioen aldetik jasotzen duten tratua erabat krudela da.

Sevillako kartzelan bizi den egoera ez da salbuespena, baizik eta araua. Kartzela politikaren ondorio bat da. Handik eta hemendik Euskal Herria aro politiko berri batean murgilduta dagoela esan arren, Estatu espainolak eta frantsesak espetxe politika krudel horrekin jarraitzen dute, eta okerrera doa.

 

Giza eskubide minimoen errespetua da Sevillako presoak eskatzen ari direna. Eta euskal jendartearen gehiengoak aldarrikapen horrekin bat egiten duela adierazi du behin eta berriz. Giza eskubide guztien errespetua da jokoan dagoena, eta Sevillan gertatzen diren urraketen aurrean ezin gara geldirik geratu.

Horiek horrela, Gipuzkoako EH Bilduk datorren igandean, abenduaren 1a, Donostian eguerdiko 12:30etan, "Sevilla II SOS: Euskal presoen eskubideen alde" lemapean egingo den manifestazioarekin bat egiten du. Eta Gipuzkoako jendarte osoari manifestazio honetan parte hartzeko deia egiten diogu.