Aste hauetan Fagor Etxetresnak-en inguruan ezagutu dugun egoera ezin da era isolatuan hartu. Euskal Herrian egoera sozioekonomikoa oso kezkagarria da eta kanpotik inposatu zaizkigun politika eta neurrien ondorio larriak jasotzen ari gara. Eta kooperatibarekin gertatu dena testuinguru horretan kokatu behar da ere, dituen berezitasun guztiak kontuan hartuta, eta ekarriko duen enplegu suntsiketa ahaztu gabe.

  • Euskal Herrian 225.000 lagun baino gehiago dago lanik gabe
  • Dagoen lana gero eta baldintza txarragoetan egiten da. Prekarizazioa areagotzen ari da
  • 10 langiletik 4 pobrezia mailatik behera bizi da
  • Milaka familia dago laguntza edo prestazio ekonomikorik gabe
  • Gutxien dutenak ari dira pairatzen egoera modu bortitzenean
  • Ehun produktiboan lanpostuen galera biderkatzen ari da; sektore industrialaren egoera oso larria da

Errealitate hau, datu hauek, onartezinak dira. Honi guztiari ezin zaio aurre egin azaleko neurriekin, orain arteko politikek ez dute balio, aldatu behar dira.

Fagorren eman den egoerak ondorio larriak izango ditu. Milaka lanpostu daude arriskuan Fagor inguruan lan egiten duten enpresetan, eta etor daitekenaren aurrean erabakiak hartu behar dira, plan bat behar da enplegua babesteko eta egoerari aurre egiteko.

Urte gogor hauetan hartu diren neurriek ez dute ezertarako balio izan; hori oso argi dago. Lan erreformak, pentsioen erreformak, austeritate politikak,... krisiaren ondorioetan sakondu dute. Kasu gehienetan neurriak eta erabakiak hartzerakoan ez dira gizartearen interesak eta lehentasunak defendatu. Epe laburrera jo da, efektuzko neurriak bultzatu dira arazoa gainetik kendu nahian, sektore zehatz batzuren zerbitzutara jarri dira politikak. Hori ez da bidea!

Euskal Herria herri industriala izan da, eta horretan oinarritu behar da bere garapena eta etorkizuna. Ehun produktiboa eraberritu behar da, enplegu suntsiketari aurre gein behar zaio, eta horrek neurri, konpromiso eta adostasun zehatzak eskatzen ditu eremu guztietatik.

EH Bildun argi dugu egoera honetatik ateratzeko guztiok dugula ardura, konpromisoak hartzeko ardura eta gizarteari irtenbide erreala eskaintzeko ardura, eremu politiko eta instituzionaletik, eragile ekonomiko eta sozialen parte hartzea ziurtatuz.

Bi elementu zehatzetan kokatu nahi dugu gaur plazaratzen dugun proposamena:

  • Instituzio eta eragileen arteko marko bat bultzatzea
  • Diru funts bat sortzea

Instituzio eta eragileen arteko marko edo mahaia: Fagorreko egoerari irtenbidea emateko epe laburrean, eta aurrera begira ehun produktiboa eta politika industrialaren inguruan eztabaida bideratzeko eta erabakiak hartzeko:

  • -zer nolako ehun produktiboa behar dugu,
  • - zer politika industriala behar da ehun produktiboaren eraberritzea ziurtatzeko,
  • - zeintzuk dira bitarteko instituzionalak,
  • - zeintzuk finantziazio iturriak, enplegua sustatzeko neurriak

Diru funts bat sortzea:
Diru funts publikoa,

  • Kutxabankeko funtsezkoa parte hartzea....
  • Instituzio ezberdinen inplikazioa.

Horrekin batera, eta amaitzeko, gaurkoan deialdi berezi bat egin nahi dugu enpleguaren defentsan ekimenak indartzeko eta bultzatzeko. Langabeziaren aurrean, enplegu duina aldarrikatu behar da. Enpleguaren suntsiketa, langabezia, arazo politiko bat da; langabezia sortzen duten politiken aurrean politika berriak aldarrikatu eta bultzatu behar dira.

Ildo horrek lehentasuna hartu behar du, oinarrizkoa izan behar da, kalean, lantegietan eta instituzioetan. Bihar mobilizazioa izango da Donostian eta deialdi berezi bat egin nahi diogu Gipuzkoako jendarteari mobilizatzeko, enpleguaren suntsiketaren aurrean enplegu duina, kalitatezkoa, lan baldintza egokietan aldarrikatzeko. Enplegu duina izango baita gure herriaren etorkizunaren berme nagusia.