EH Bildutik oso gogor kritikatu nahi dugu atzoko Gipuzkoako Batzar Nagusietan gertatu zena. EAJ, PSE eta PPk osatzen duten hirukoak aurkeztu duen kontra-erreforma, arlo teknikotik begiratuta erabateko lardaskeria da.

Txosten juridiko desberdinek demostratu dutenez, kontra-erreforma fiskal hori aurkeztu den moduan ezin da Gipuzkoan ezarri, lurralde honen sistema fiskalaren berezitasunak kontuan hartu ez direlako. Honen ondorioaz, gipuzkoarren artean segurtasun fiskal gabeko egoerak biderkatuko dira, eta arazoak bata bestearen atzetik sortu daitezke. sortuko diren arazoak Gipuzkoako jendartearen gehiengoa ordaindu beharko ditu.

 

Uda ostean deialdia egin genion PNVri, indarrak batzeko eta proposamenak egiteko Gipuzkoako errealitatea aintzat har zezan, eta ez hartzeko epe motzeko edo Urkulluren gobernu arazoen neurriko erabakirik. Alferrik. Status quo-a eta Espainiako bi alderdi nagusiekin akordioak kosta ahal kosta erdiestea nagusitu da, eta Gipuzkoako eragile eta gehiengo sozialarekin batera eredu berri bat sustatu ordez, "troika autonomista"-k EH Bilduk emandako urratsak deuseztatu nahi ditu. PSEk lurperatu du bere ezkerreko diskurtsoa, eta PNV-k, Ortuzar jaunaren praxiarekin bat eginez, horrenbeste maite duen gehiengo instituzionala bultzatu du berriz ere.

Auzo lotsa sentitzen dugu fiskalitate progresiboa ezabatzeko xede duen akordio hau aurkezterakoan Herri Hitzarmena eta gisako terminoak erabiltzen direla entzuterakoan. Gipuzkoako patronalak, PPk eta krisia langileen lepotik gainditu nahi duten sektore atzerakoiek sustatu duten kontra-erreforma ezartzeko ahalegintzen ari dira, ez gaitezen engaina.

Eskuinaren errezeta fiskalen bueltako armonizazioa iragarri zigun atzoko PNV-PP-PSE hirukoak, EH Bilduk proposatzen duen eredua desitxuratuz eta lardazkatuz. Markel Olanok, atzo, eta hainbat komunikabidetan gaur bertan, EH Bilduren porrota eta iniziatiba politikoaren galera gisa aurkeztu nahi izan dute. Gipuzkoan garatu dugun politika fiskal progresiboa, ordea, ez da urtuko "troika autonomista" desio hutsetan. Gure armonizazio ahaleginak progresibitatean, berdintasunean eta justizia sozialean aurrera egiteko modukoak izango dira, Gipuzkoan bezala, baita Bizkaia, Araba eta Nafarroan ere. Hori izan behar baita, derrigorrean, edozein Herri Akordioren muina, herri ikuspegia eta babesgabetuen defentsa irmoa.

Krisi garaian, egungo egoeran, zerbitzu publikoak mantendu eta indartzea ezinbestekoa da. Eta horretarako zerga sistema justuagoa, ekitatiboagoa eta progresiboagoa behar dugu, eta ez, inolaz ere ez, atzoko osoko bilkuran hirukoek aurkeztu zuena.

Herritarren beharrak erdigunean jartzea izan da EH Bilduk aurrera eraman duen erreforma fiskalaren oinarria. Hirukoak ezarri nahi duen kontra-erreforma fiskalak ez du bilatzen Gipuzkoarren beharrei erantzutea. Ez, kontra-erreformaren atzean PNV, PSE eta PPren paktu fiskala dago. Hiruen artean eraiki nahi duten estatus politiko, ekonomiko eta instituzional zaharkituaren azpilerro inboluzionista. EH Bildu ez dator bat, eta ez da etorriko, atzerapauso honekin, eta ziur gaude Gipuzkoako herri sektoreek, eragile sozial eta jendarte zabalak indarrean dagoen politika fiskala hobesten dutela. Denborak eta herritarrek berretsiko dute argudio hauek.