Kutxako Batzar berria eta zuzendaritza organo berriak osatu zirenetik urtebete joan da eta bi Kutxabankeko integrazio prozesua gauzatu zenetik. Ordutik hona gauza bat oso argi geratu da: Kutxabank pribatizatzeko eta gizartekintza arloko bere jarduna desagertarazteko interesak daude,eta hori onartezina da.

Xabier Kutxa eta Carlos Ruiz Kutxako eta gizartekintza arloko arduradun nagusiak Sabin Etxeatik etortzen zaizkien aginduak betetzen ari dira, eta azkar baino azkarrago ari dira gizartekintza desagerrarazten. Onkologikoarekin egiaztatu ahal izan genuen hori duela hilabete batzuk, eta orain ere argi eta garbi ikusten ari gara Inbiomedekin. Hori nahikoa ez, eta beti babestu izan dituzten kultura, kirol eta jaien esparruetako hainbat ekimen laguntza gabe utzi dituzte.

BBK, Kutxa eta Vital kutxek bat egitea adostu zenean, alde guztiek obra soziala errespetatzeko konpromisoa hartu zuten. Baina EAJ ez da ari hori errespetatzen. Kutxaren gizartekintza arloko lanaren hiru zutabe nagusiak desagertzen ari dira: izenpetutako konpromisoak bete ez eta Gipuzkoako sare soziokulturalarekin zeukan harreman guztia apurtzen ari da, lehentasunezko proiektuak zalantzan jartzen ari dira eta gizartekintzako funtsezko proiektuak hilzorian dituzte, Inbiomed, esaterako. Nahikoa da. Gure kutxen alde urratsak emateko unea heldu da.

Herritarren interesen alde egin beharrean, izaera ekonomikoa eta espekulatzailea duten lehentasunen arabera gidatzen ari dira Kutxabank. SAREBen, banku txarra delakoan, mila milioi euro jarri dituzte; baina bularreko minbiziaren edo Alzheimerraren ikerkuntzan dirua jartzeko ez daude prest, horixe baita Inbiomed-en egiten ari diren lana.

EAJk, PPren laguntzarekin, Kutxabank bahitu du. Euskal Kutxak herritarren eskuetatik hartu eta finantza espekulatzaileen esku utzi dituzte. Nafarroan CANekin gertatu zen gauza bera gertatzen ari da orain Kutxabankekin. Guztia pribatizatzeko asmoa dute, eta berandu baino lehen, Euskal Herria aurrezki kutxa gabe geratu behar da.

EH Bildutik uste dugu beharrezkoa dela Kutxabank banku publiko eta soziala bihurtzea, herritarren egiazko beharrei erantzungo diena. Egoera txarrean dauden enpresen finantzazioa lehenetsiko duena, premia duten herritarrei lagunduko diena eta minbizia bezalako alor garrantzitsuetan ikerkuntza eta berrikuntzarekin dituen konpromisoak beteko dituena. Kutxabank izaera horiek izango dituen banku publikoa bihurtzea posible da; ez da kimera, inondik inora. Baina borondate politikoa behar da horretarako.

Amaitzeko, bihar Kutxako Fundazioaren batzarra dago eta ostegunean Kutxaren Administrazio Kontseilua bilduko da. Bai batean eta bai besteak, EH Bilduko ordezkariek EAJri exijituko diote hartutako konpromiso guztiak betetzea, gizartekintzako proiektuen etorkizuna bermatzea, Onkologikoarena, Inbiomedena, Tabakalerana eta Gipuzkoaren etorkizunarentzat oso garrantzitsuak diren beste konpromiso guztiak betetzea exijituko diegu EAJ, PP eta PSEri.