Lehenik eta behin Gipuzkoako herritarrak zoriondu nahi ditugu. Errausketa plantaren mehatxua desagertu da. Mehatxu hau hamar urte baino gehiago egon da gure lurraldean baino dagoeneko esan daiteke argi eta garbi Zubietako errauste planta historia dela. Bide batez, Foru gobernua, hondakinen partzuergoa eta UTEko enpresak ere zoriondu nahi ditugu lortutako akordioarengatik.

Errauste planta gelditzea eta birziklapenean oinarritutako hiri hondakinen inguruko politika berriak ezartzea izan ziren 2011ko foru eta udal hauteskundetan EH Bilduren apustu nagusietarikoak. Gobernu arduretan, Batzar Nagusietan, mugimendu sozialen eta Txingudi, Urnieta, Landarbaso, Lasarte, Usurbil eta Zubietako bizilagunen demanda argi eta sendoekin bat eginez gure esku zegoen guztia egin dugu azpiegitura hau eraiki ez dadin. Gipuzkoan herri bakar batek ere bere mugetan barrena nahi ez zuen errauskailua ez egitea izan zen publikoki hartu genuen konpromisoa.



 

Beraz, eh bilduri bozka eman zioten edota modu batera edo bestera erraustegiaren proiektua gelditzearen alde lan egin duten hamarnaka mila herritarren garaipena ere badela adierazi nahi dugu, erraustegia ez egiteko ordezkari politikoen konpromisoa izanda, horien guztien nahia eta agindua ere bazelako. Noizbait erabili bada "ondo erabilitako botoa" figura hori, oraingo honetan ulertzen da zein den bere esanahia. Kanpainan esandakoa bete dugu: Zubietako errauskailua gelditu dugu.

Hitza ematea garrantzitsua da, baina hitza betetzea benetan beste eredu bat sustatzen dugula sinisteko ezinbesteko baldintza da. EH Bilduk sustatzen duen garapen eredua, eredu soziala eta harreman eredua Gipuzkoan hamarkadatan sustatu duenaren oso bestelakoa da.

Gestioa txarraz daramate bi urte luze berbetan. Atzoko sinadurak kontrakoa frogatuko du: haiek eraikitako tranpaz beteriko eszenatoki horretan, enpresekin, herritarrekin eta birziklatzeko betebeharraren bueltan AKORDIOAK sustatu eta lortzeko gauza garela, hain zuzen ere. Eta hori guztia, diru publikoaren kudeaketa garbia eta zuhurra eginez.

Errausketa planta gelditzearen atzean dauden arrazoi ugariri dagokionez, gaurkoan ez ditugu errepikatuko atzo bertan Kontsortzio eta Diputazioko ordezkariek oso garbi aletu zituzten osasun, ingurumen eta prognosi arrazoiak, sozialki eta ekonomikoki guztiz ulergarriak direlako.

Horrez gain, birziklatzea eta berrerabiltzea bultzatu behar ditugu. "Zero zabor" printzipioa helburu, bilketa selektiboaren alde egiten dugu apustu eta gaur egun erabiltzen diren sistemen segimendua egingo dugu; horrela, emaitza onenak ematen dituen eredua aukeratzeko. Ahalik eta Gipuzkoak helburu gisa hartu dituen birziklapen tasak lortu arte.

Orain fase berri bat irekitzen da Gipuzkoan, errauste ondorengo garaia, alegia, eta EH Bilduk ardura handiz jokatzeko konpromisoa berretsi nahi du gaurkoan. Gure pozak ez dio iskin egiten politikoki dugun erantzukizunari, eta prest gaude hondakinen estrategia integrala diseinatu eta garatzeko elkarlanean aritzeko. Izan ere, errauskailurik gabeko eszenatoki berri honetan, denon ekarpena eta denon ahalegina ezinbestekoak dira soluziobideak topatzeko. Ingurugiroa, osasuna, egoera ekonomikoa, hondakinen errealitatea eta gipuzkoarren borondatea abiapuntu hartuta. Bide horretan aurrera begira eta elkarren ondoan lan egiteko deia egiten diegu gainerako alderdi eta eragileei.