Ohar honen bitartez atzo Igeldon burutu zen herri galdeketaren inguruko irakurketa plazaratu nahi du Euskal Herria Bilduk.

Lehenik eta behin, Igeldoko herritarrak zoriondu nahi ditugu, aspaldi aldarrikatu duten moduan, beraien etorkizunaz erabakitzeko hitza hartzeko aukera izan zutelako atzokoan. Parte hartze datuak ikusita, agerikoa da aukera horri erantzun oso positiboa eman diotela herritarrek.

Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundia eta harekin bat, azken hilabeteotako parte hartze prozesuan lanean aritu diren eragile eta pertsona guztiak zoriondu nahi ditugu ere. Izan ere, herritar partaidetzaren ikuspegitik prozedura eredugarria iruditzen baitzaigu azken hilabeteotan igeldoarrekin burututakoa.

 

Honekin batera, EH Bilduk atzoko galdeketaren emaitzak errespetatzeko determinazio osoa mahai gaineratu nahi du. Berme guztiak bete dituen prozeduran, argi mintzatu dira herritarrak, eta gure ustez, borondate hori errespetatzeko baliabideak jartzea dagokigu orain arduradun politikoei. Beraz, deialdia luzatzen diegu Igeldo udalerri gisa eratzearen aurka azaldu diren alderdiei, PP, PSE eta PNVri, igeldoarren borondatea errespeta dezaten. Ordezkari politiko gisa herritarrek hautestontzietan adierazi dutenari bide eman behar diogu.