Arrasateko manifestazioaren aurretik, Debagoieneko EH BIlduko alkateek Fagor Etxetresnak-en aferaren aurrean egindako adierazpenak:

Azken orduetan zabaldu den informazioaren harira, gure kezka areagotu egin da Fagor Etxetresnaken inguruan. Pentsatzen dugu hausnarketa serioa egin behar duela MCCk, daukan erantzukizuna bere gain hartuz eta, batez ere momentu honetan, Fagor Etxetresnetako lanpostuak mantentzeko ahalegin berezia eginez.

Instituziook ere bagabiltza hausnarketa hori egiten, bakoitza dagokion mailan. Guri dagokigu zer inpaktu sozial eta ekonomiko ekarriko duen baloratzea. Horregatik, eskualdeko Udalok aztertu dugu Fagorren egoerak bailarako herri bakoitzean zer ondorio eragin ditzakeen. Egoera mapa bat osatu nahi dugu ikusteko Aldundiak, Mankomunitateak eta Garapen Agentziak bat eginda arazo honi zelako konponbidea eman diezaiokegun.

Halaber, joan zen astean iragarri bezala, Aldundiarekin batera saiatzen aritu gara Eusko Jaurlaritzarekin, MCCrekin eta Fagorrekin hitzordu bat jartzen, beraien asmoak zeintzuk diren argitzeko. Datorren astelehenean burutuko da bilera hori.

 

Hemen ez dago soilik Fagor Etxetresnaken etorkizuna. Hemen jokoan daude familia asko, enpresa ertain eta txiki asko, kooperatibismoa, marka bera, komertzioa eta ostalaritza, besteak beste. Bailara hau erreferente bihurtu duen lan egiteko modua eta filosofia daude ezbaian.

MCCk ezin du arazoa konpondu enplegua suntsituz eta produkzioa beste leku batera eramanez. Dena dela, gai honen inguruan hartzen dituen erabakiak talde kooperatibistaren etorkizuneko eboluzioan eragin zuzena izango du.

Egoera larria delako azpimarratu gura dugu ideia bat, sekula baino presenteago izan behar duguna: Kooperatibismoa izan dela eta aurrerantzean ere jarraituko duela izaten gizarterako eredu ona, kapitalaren gainetik oinarri pertsona duena. Horrixe eutsi behar diogu eta aurrera egin.

Fagorrek bizi duen egoerak ondo baino hobeto islatzen du krisiak nola kolpatzen duen gure industria ehuna, itxura baten sendoenak diren proiektuetan ere bai. Horregatik, euskal erakundeak derrigorrean esku-hartu behar dute. Emergentzia sozialeko egoera honetan, aldarrikatzen dugu gure erakunde sareak esku-hartzeko gaitasun osoa izatea eta ez delegatua.

Korporazioari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu Fagor Etxetresnak bizirik mantentzeko eta, batez ere, enplegua mantentzeko ahalegin berezia egin dezatela.

Egoera honetatik ateratzeko, herri izaerako estrategia abiatzea exijitzen diegu euskal insitituzioei, edozein dela gobernuan dagoen alderdia. Ideiak egon badaude, baina borondate politikoa behar da hori lortzeko.