Urtebete joan da Kutxaren Administrazio Kontseiluan sartu ginenetik. Denbora horretan, hainbat proposamen eta ekarpen egin ditugu, batez ere gizartekintza mantentzera, etxegabetzeak gelditzera eta gure herrialdeko uhin ekonomikoa indartzera bideratuak. Baina EAJ, PP, PSE hirukoak, Pixkanaka, CCOO eta DYAren babesarekin, bestelako kudeaketa eredu bat ezartzearen alde egin du, arlo eta etekin ekonomikoei lehentasun osoa ematen diena.

Kudeaketa eredu oker eta eskubide suntsitzaile horren ondorioz, Kutxan urte hasieran jarri ziren gizartekintza arloko gutxieneko aurreikuspenak bete ere ez dira egingo. Ez dira beteko Batzar Orokorrean gizartekintzara bideratutako aurrekontuak.

Herrigintza eta herri kulturarekin lotutako proiektuak finantzatzeari utzi zaio, eta urteetan hitzarmenen bidez lagundu diren proiektuak ere zalantzan jartzen hasi dira.

Etekin ekonomikoak erabat lehenesten dituen kudeaketa ereduaren ondorioz, dauden irabaziak negozioa babestera bideratzen ari dira eta ez gizartekintza alorrera.

Horren ondorioz, apurka-apurka gizartekintza desagerrarazten ari dira, pribatizazioari ateak parez-pare irekiz. Onkologikoarekin gertatzen ari dena da horren adibide argiena.

Horren aurrean, Kuxaren azken Administrazio Kontseiluan egin genuen proposamenaren bidetik, EH Bilduk exijitzen du Kutxabankek beharrezko neurriak lehenbailehen har ditzala herritarren egiazko premiei erantzuteko. Izaera sozial horrekin sortu ziren kutxak, eta izaera horrekin jarraitzea ezinbestekoa da, batez ere krisi egoera honetan.

Gizartekintzara bideratutako diru-partidak mantentzeko beharrezkoa bada, egin dezatela kapital anpliazioa, BilboBarria izeneko proiektu pribatu baterako hori egiteko zalantzarik ez zuelako izan.

Herritarrei eta bezeroei zuzenean eragiten dien hipoteken IRPH indizea eta CajaSurretik eratorritako zoru klausulak erabiltzeari utzi behar dio Kutxabankek. Bata zein bestea erabiltzeak, behar baino 70 milioi euro gehiago ordaintzea eragiten die urtean bezeroei, eta legeek eta epaitegiak adierazia dute ezin direla erabili.

Etxegabetzeen bideari utzi behar zaio. Azken hilabeteetan, 10 etxegabetze egin ditu Kutxabankek.

Amaitzeko, EH Bildutik EAJ, PP, PSE eta beraiek babesten aritzen diren Pixkanaka, CCOO eta DYAren jarrera salatu behar dugu, ez delako onargarria Kutxako barneorganoetan ematen dituzten botoak beti herritarren interesen kontrakoak izatea.

Erantzukizun sozialez jokatzea eta gipuzkoarren interesak lehenestea eskatzen diegu.

EH Bildutik ezin dugu onartu gipuzkoar guztien ekarpenarekin urteetan eraiki den gizartekintza egun batetik bestera likidatzea, interes ekonomiko hutsak lehenesteagatik: Onkologikoa pribatizatzeko urrats handiak azkar ematen ari dira; Imbiomed babesik gabe uzten ari dira, bere desagerpenera eramanez; gure uhin industriala bakarrik eta laguntzarik gabe uzten ari dira egoera ekonomikoa zailena denean, gure kutxak despatrimonializatzen ari dira urteetan eskuratutako ondareak salduta.

Kutxak likidatzen ari dira, banku arruntak bihurtzeko, eta EH Bildutik ezin dugu hori inolaz ere onartu.