Eta hau guztia euskaraz egiten dugu. Euskaraz egiten dugu lan eta lan egiten dugu euskaraz egin dezagun guztiok.

Bai, Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen erabilera sustatzeko politika darama aurrera. 2013 urtean ere, euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidearen alde lan egiten jarraitu dugu, euskarari lehentasuna emanaz, eta euskaraz bizitzera iristeko behar dugun aldaketa pertsonal, sozial eta politikoaren buruan jarraituz.
Euskararen garapen osoa eta euskaraz bizitzea legez bermatzea izan dira gure jardunaren ardatz. Euskararen erabilera zehazten duen araudia zorrotz ezartzeaz gain, hainbat hobekuntza egin ditugu eraginkorragoa izateko:

Departamentukako batzorde politikoak sortu dira.

barne auditoria diseinatzen ari gara unibertsitatearekin eta baita Aldundiaren lana gainbegiratuko duen ebaluazio soziala ere.

Gizarte Politikako departamentuarekin estrategia bat adostu da, departamentuak zehaztuta duen euskara plana bizkortu eta indartzeko.

Euskara ohiko laneko hizkuntza izateko, plangintza intentsibo pilotoak zehaztu dira Gazteria, Modernizazioa, Ogasuna eta Nekazaritza zuzendaritzetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ohiko jardueran prebentzioaren ikuspegia txertatzeko, garatzen duen jardueraren eragin linguistikoaren ebaluazioa egiteko tresna diseinatu da.

2015erako Aldundiak bere zerbitzu guztiak euskaraz emateko bidean, indar berezia jarri da administrazio kontratuetako hizkuntza baldintzak betearazten. Horren haritik, herrialdeko udalekin proiektu elkartu bat bideratu da eta kontratazioetarako hizkuntza irizpideak modu bateratuan aplikatuko dituzte Gipuzkoako 40 udal erakundek baino gehiagok. Euskararen garapen osoa bermatuko duen urrats garrantzitsua da, eta horren jakitun, udalak erasotu ditu Espainiako gobernuak, epaitegietan salatuz (oraingoz, Lezo, Anoeta, Zumaia, Zestoa, Elgoibar, Zarautz, Errezil, Azkoitia, Albiztur eta Getaria). Hitz hauen bidez, euskaldun guztion eta gobernu honen babesa eta aitortza helarazi nahi dizkiet erakunde horie guztiei, hitzez haratago, Euskal Hereria eta Gipuzkoa euskaldunagoa izateko egiten ari diren ahalegin eraginkorragatik.

Bestetik, Euskara Zuzendaritza Nagusiaren aurrekontua ez da murriztu

Diru laguntza politikan:
udalei bitarteko gehiago (% 33) eta zentraltasun handiagoa eman dizkiegu.

Helduen euskalduntzea doakotasunaren bidean jartzeko, herritarrei diru laguntza eman diegu (ia 400.000€), udalen bidez, euskara ikastea merkeagoa izan dezaten.
Euskal hedabideei ematen dizkiegun laguntzak % 25 indartu ditugu Sektorea berregituratzeko eta eskualde mailako egitasmoak sustatzeko.

Hori guztia osatzeko, euskararen gizarte erakundeen eta gainerako gizarte eragileen lankidetza eta parte hartzea bultzatu dugu, hitzarmen adostuen bitartez, esparru hauetan:

  • Euskararen arnasguneak.
  • Ahozkotasuna babestu eta garatu.
  • Euskararen erabileraren aldeko motibazioa.
  • Esparru sozio-ekonomikoaren euskalduntzea.
  • Euskararen aldeko politika publikoen ebaluazio soziala.
  • Toki telebisten ekoizpena elkartzea.
  • Unibertsitate mailako ikaskuntza sustatzea.
  • Irakurzaletasuna sustatzea.
  • Euskararen aldeko gizarte erakundeen laguntza.
  • Euskararen corpusa lantzea.

Ikusten duzuenez lan handia egin da, baina ez gara nekatu, gustuko tokian ez baitago aldaparik