Oro har, ez dira garai errazak kultura munduarentzat. Tentazioa egon zitekeen baliabideez eskasteko kultur eragileak, baina ez da Foru Aldundi honen kasua.
Errenteriako Lekuona okindegi zaharra dantza-gunea kokatzeko lehen urratsak ematen ari gara eta 2015erako kultura, dantza eta sorkuntza zentro bilakatuko da. Bereziki, dantza, arte eszenikoak eta gorputz espresioa landuko da Errenteriako udalarena den eraikin honetan.

Oarsoaldean jarraituz, Aldundiaren eta San Telmo museoaren bilduma Gordailuan dago jada, Irungo Arretxe gainean kokatutako Gordailuan. Gipuzkoako bildumetarako gordailu handia izateaz gain, zerbitzu globalak ere eskainiko dira, organismo ezberdin eta erakunde publiko eta pribatuekiko lankidetza arintasun, koordinazio eta eraginkortasunez bultzatu eta sustatu dezan. Zentzu horretan, Gordailuak baliabide zentro bat izatean zentratuko du bere jarduera, biltegi, behatoki, ikerketa gune, eta zerbitzuak eskainiko dituenak bai fisikoki zein birtualki Gipuzkoako museo, interpretazio zentroei eta ondare guneei eta hauen bidez gizarteari orokorrean.
Bestetik, Tabakalerako obrak aurrera doaz. Hitzetatik haratago, Aldundiak konpromiso sendoa du aurrekontuetan 3,4 milioiko partidarekin.

Herrien egoera aztertzeko udaletako arduradun eta teknikariekin diagnosia egin dugu Kultura udal sarearen baitan.

Indusketa arkeologikoak indartu ditugu. Elkarlanean gabiltza Aranzadi bezalako erakundeekin eta aurkikuntza interesgarriak egiten ari gara. Praileaitzi dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren jokabidea nabarmendu nahi dugu, babes neurriak hartzen ez dituen neurrian atzera bueltarik gabeko galera eragingo dituelako bertan dagoen harrobiak.

Donostiako 2016arekin ez dugu hutsik egin eta 1,5 milioi euro jarrita gure konpromisoari eutsi diogu, Espainiako gobernuak egin ez duena. Bestetik, zuzendaritza berria adostu dugu gainerako erakundeekin proiektua berrindartu dadin.

Balenciaga museoarekin, berriz, arduraz jokatzen ari gara eta egin beharreko aldaketak egin beharko dira proiektua bideragarri izan dadin.

Departamendu honetan kirolak ere badu bere pisua eta ez nuke amaitu nahiko kirola eskoletan sartzeko eta irauteko erronka aipatu gabe. 35.000 haurrek egiten dute kirola Gipuzkoan, eta kirolaren baloreetan hezi daitezen lanean gabiltza. Azpimarratu nahiko nuke bereziki nesken artean egiteko dagoen lana, kirolari apartak izan arren, arrazoi ugari direla medio kirola uzteko duten joera apal dadin.
Dirulaguntzei dagokienez, irizpide berriak finkatu ditugu eta horien arabera, Kirol profesionalari eman izan zaizkion diru laguntzak pixkanaka desagertzera doaz.
Gainera, Oinarrizko kirolari gero eta laguntza handiagoa emango diogu. Alegia, bizitza osoan zehar kirola egitearen ohitura eta beharra gure gizartean sustatzeko eta azkenik, emakumezkoen kirolari diskriminazio positiboa ezartzen ari gara. Horretarako kluben estrukturak sendotu nahi ditu Foru Aldundiak. Lehentxeago aipatu bezala, neskek, haurtzaroa amaitzean, kirola uzteko izan duten joera hautsi beharra ikusten dugulako.