Zuetako batzuk kariño berezia diozue Ingurumen departamenduari. Itsu kritikatzen duzue, egurra noiznahi banatzen, egiten duelako edota ez duelako egiten. Baina, mesedez, burua altxa, arnasa hartu eta jakizue Ingurumen departamenduan hondakinez gain, beste hainbat gaia garrantzitsu ere jorratzen direla:

-Gipuzkoak lehen energia plana izango du: urtea bukatu baino lehen aurkeztuko du Foru Aldundiak.

-Zergatik? Izugarrizko mendekotasun energetikoa dugulako, eta oso urrun gaudelako sistema energetiko iraunkor bat izatetik. Hain zuzen ere: Gipuzkoan kontsumitzen dugun energiaren %94 kanpoan sortutakoa da; gure mendekotasun energetikoa %94koa da eta energia berriztagarrien presentzia oso eskasa da: %6.

  • Egoera horri buelta eman behar zaio: energia iraunkortasunerantz joateko neurri zehatzak eta eraginkorrak hartu behar dira:
  • energia aurrezteko
  • sorkuntza modu iraunkorrak sustatzeko,
  • kontsumo eraginkorrak lortzeko
  • Planak erakunde publikoentzako eta pribatuentzako ekimen sorta zabala jasoko du. Tresna aitzindaria izango da, alde horretatik. Honako honetaz hitz egingo dugu, beraz:
  • Eraikin publikoen isolamendu termikoa,
  • Gure kaleetako eta errepideetako argiztapena,
  • Energia berrien sustapena
  • Enpresetan energia aurrezteko egitasmoak,
  • -kerkuntza bultzatzea,
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontsumoak kontrolatzea,
  • Industrialdeetan eguzki energita fotovoltaikoa ezartzea
  • Energiarekin arazo larria dago:
  • gero eta garestiagoa da energia
  • gero eta kalte handiagoa egin naturari energia lortzeko
  • datozen belaunaldien etorkizuna hipotekatzen ari gara

HORI MUNDU OSOAN, BAITA GIPUZKOAN ERE

Egoera hori irauli dugu, pausoak eman energia iraunkortasunerantz, eta horregatik ENERGIA LEHENTASUN BIHURTUKO DA ALDUNDIARENTZAT INGURUMEN ALORREAN.

Konpromiso horren seinale, aurten, energia iraunkortasunarekin lotutako proiektuetara 700.000 euroko dirulaguntza bideratu du Aldundiak.

Eta hondakinetaz ere jardungo dugu, bai. Hondakinena gai polemikoa da, gai polemiko bihurtu duzue alderdkeriaz, desgasterako erabiltzen duzue, baina errealitatea beste bat da: errealitatea da, hondakinen arazoan, kontzientzia izugarri zabaldu dela eta zero zabor norabidean, eta ahalik eta gehien birziklatzeko, urrats sendoak ematen ari direla Gipuzkoan. Aurrera goaz, polemika eta titular interesatuen gainetik".

-Hondakinen tratamendua arazoa da. Baina ez soilik Gipuzkoan: mendabalde osoan da arazo. Batzuek arazo horren aurrean, ezikusiarena egiten dute, nahiago izaten dute arazoa ezkutatu: Gipuzkoan ez. Gipuzkoan, zezenari adarretatik heltzea erabaki dugu: nola egingo dugu zabor gutxiago sortzeko? Nola egingo dugu ahalik eta gehien birziklatzeko? Zer egingo dugu gehiago konpostatzeko?
Gaur egun, ez dago birziklapenaren proposamen zehatzak egiten ez dituen inor. Herritarren, gizarte eragileen, alderdi politikoen, instituzioen,... kontzientziazioa izugarri handitu da. Polemikez hitz egiten dugu maiz, titular katastrofikoak irakurtzen ditugu, baina errealitatea da hobera egin dugula: kontzientzia handitu dugula.

-Emaitzetan ere hobera egin dugu. Zenbat herrik birziklatzen zuten Gipuzkoan duela hamabost, hamar, bost urte... %50etik gora? Gaur egun, Gipuzkoako herri asko %70etik gora birziklatzen ari dira: Hernani, Usurbil, Astigarraga, Lezo, Oñati, Antzuola, Villabona, Zizurkil, Ordizia, Legorreta... Eta hori ona da. Ona da ingurumenarentzat eta ona da Gipuzkoarentzat. Hobera egin dugu. Eta Europan ere txalotu egin dituzte emaitza hauek, eta interesa azaldu dute.

-Baina hobetu beharra dugu. Izan ere, iaz hondakinen heren bat, %33, bakarrik birziklatu genuen. Europako eskualde askotan %70etik gora dabiltza. Hobetu beharra dugu.

-Eta zero zabor filosofia zabaltzeko, hitzarmenak egiten ari gara.

-Basque Culinary Center bezalako erakundeetan zero zabor filosofia hedatzen eta praktikara eramaten ari dira.

-Gauza bera egiten dute Kilometroak bezalako jaiek: festa erreferentzialak dira, eta oihartzun handia dute jendartean. Haietan praktika onak sustatzeak ondorio positiboak izaten ditu.

-Eta gure haurrak birziklatzen eta konpostatzen ikasten ari dira eskoletan, eskolan bertan konpostatzen dute, ikastolekin, Aranzadi zientzia elkartearekin eta Kristau Eskolarekin egin dugun hitzarmenari esker.

-Eta hau dena are gehiago zabalduko dugu. Zero Zabor norabidea esparru ekonomikora, kiroletara, bizitzaren beste arlo batzuetara eramango dugu. Hitzarmen berriak etorriko dira, jendea gero eta kontzientziatuago dagoelako eta Foru Aldundi honek apustu hori egin duelako.

-Diru-laguntzak ere handitu ditugu: aurten, Foru Aldundiak %72 igo ditu hondakinen sorrera prebenitzeko eta birziklapena sustatzeko diru-laguntzak. Hazkunde, nabarmena.

-Hobera egin dugu, batzuek irudikatu nahi duten argazkia ez da erreala: ados gaude hondakinen %60 birziklatu behar dugula, eta birzikla dezakegula, 2016rako.

Gipuzkoa iraunkor baten aldeko apustuan denok bat egiten dugunez, erronka zail bezain erakargarria dugu denok, gobernuak eta oposizioa osatzen duzuen alderdiok:

Jakina da Gipuzkoa urrats emankorrak egiten ari dela hondakinen inguruko kudeaketa egoki eta iraunkorraren bidean. Horretan, zero zabor filosofiarekin bat birziklapenaren Gipuzkoa eraikitzen ari gara.

Birziklapenaren Gipuzkoa eraikitzeko hondakinen hierarkia hartu behar dugu iparrorratz. Hierarkia honekin Europako Batasunak direktiba bidez ezarri du lehentasunen zerrenda eta guk berau betetzeko konpromiso irmoa dugu.

Hierarkia honetan, hondakinen sorrera gutxitzea da lehen pausoa, eta horretan azken urteetan pauso nabarmenak eman dira, urtez urte beherako tendentzia hau nabaria baita.

Horren segidan balorizazio materiala, edo beste era batera esanda, berrerabilpena eta birziklatzea ditugu urrats garrantzitsuak. Arlo honetan ere pauso handiak ematen ari da Gipuzkoa, gaikako bilketaren kopurua goraka baitoa etengabe. Bi pauso hauen ondorio, bilakaera nabarmena eman da zabortegietan. 2007an 276 mila tona baziren zabortegietara isurtzen zirenak 2012an 209 mila tona izan ziren eta 2013ko aurreikuspena 190-195 mila tona inguru da. Hau da, sei urtetan %30 jaitsi da zabortegietan isurtzen den tona kopurua.

Datozen urteetarako apustua ere garbia da, gaikako bilketan urrats nabarmena ematea Europako hainbat herrialdeetan ematen den mailetara iristeko. Horrela, 2016rako %60ko gaikako bilketa maila lortzeko erronka dugu aurrean. Bide hau denon artean egin behar dugu, mankomunitate, udal zein alderdi politiko eta sozial desberdinen arteko elkarlanean.

Erronka honek hondakinen birziklapena lortzeko azpiegitura sorta egokia eraikitzea ere eskatzen digu.

Urgentzia handiena gero eta gehiago birziklatzen dugun organikoaren tratamendurako azpiegiturak eraikitzea delarik.

Guzti honen ondoren, %60ko gaikako bilketa eta tratamendu planta hauek eraikita hain zuzen, 125 mila tona inguru geratuko zaizkigu errefus moduan. Jakinekoa da geratzen den errefusarekin zer egin desberdintasuk handiak ditugula gure artean. Baina gaur ez dut nahi desberdintasun hauek blokeora eramaterik beste lanketa guztia.

Izan ere Batzar Nagusi hauetan onartutako plangintzan (PIGRUG) badaude hainbat helburu denok babesten ditugunak. Helburu horiek aurrera ateratzeko eskua luzatu nahi dut gaur.

Helburu hauek egikaritzeko ez du inork bere posiziorik alboratu beharrik, ez du inork amore eman beharrik, ez du inork "harakiririk" egin beharrik. Borondate pixkat besterik ez da behar.

Jakinekoa da zuek Zubietako erraustegiaren inguruan egiten duzuen apustua. Gurea beste bat da. Baina badaude eztabaida horren aurretik bete beharreko hainbat

urrats hondakinen hierarkiak argiki sailkatzen dituenak. Urrats horiek tratamenduan oinarritzen dira eta PIGRUG bertan ere argiki proposatzen dira.

Organikoaren tratamendua. Gaika biltzen den organikoarentzat bi tratamendu mota planteatzen dira, konpostaguneak eta biometanizazio planta bat Gipuzkoarako.
Hiru konpostagune agertzen dira PIGRUGean, Lapatxekoa Azpeitian (eginda dagoena), Epelekoa Bergaran eta Sasietakoa Goierrin. Biometanizazio planta berriz Zubietan bertan egitea proposatzen da, SanMarko mankomunitateko materia organikoarekin balorizazio energetikoa lortuko delarik. Azpiegitura hauekin gaika biltzen dugun organikoa tratatzeko azpiegitura sorta nahikoa izango dugu datozen urteetarako.

Errefusaren tratamendua. Geratuko zaigun errefus zatikiarentzat ezinbestekoa dugu tratamendua ematea, hain zuzen tratamendu mekanikoa eta tratamendu biologikoa. Hain zuzen horretarako TMBa, tratamendu mekaniko-biologikorako planta proposatzen da, Zubietako eremuan eraikiko dena eta

PIGRUGean agertzen dena. Tratamendu mekanikoan errefusean geratutako materia birziklagarria berreskuratzen da proportzio batean. Materia birziklagarria mekanikoki bereizi egiten da gainontzeko materialetatik, %35rainoko bereiztea lortzen ari delarik gaur egun honelako plantetan. Tratamendu biologikoarekin berriz errefusean aurkitzen den materia organikoa egonkortzea (inertizatzea) lortzen da planta hauetan. Honela errefusaren %15 gutxitzea lortzen da bere bolumenari dagokionean, materia hau konpostatzen denean jakinekoa baita bere bolumena asko murrizten dela. Gainera materia organikoa egonkortu ondoren bere usteltze prozesua ekiditen da. Guztira TMB plantarekin errefus zatikia %50 murriztea lortuko dugu.

Guzti honekin 2007an genuen 276 mila tonako arazo potoloa 62,5 mila tonetako arazora gutxitu dezakegu 2016an, gaikako bilketan eta hondakinen tratamendurako azpiegitura sorta hau eraikitzen badugu. Ia bost aldiz gutxiago izango den errefus zatikia izango genuke. Aurrerapauso handia benetan.

62,5 mila tona horiekin zer egin katramilatuta segi dezakegu, baina egia dena da PIGRUGean bertan agertzen diren urrats eta azpiegiturak eraikitzen baditugu arazoaren %80ari irtenbide egokia eman diezaiokegula. Lehendik martxan ditugun azpiegiturei hauek gehitzen badizkiegu, PIGRUGa errespetatuz, eta gaikako bilketa ambizioso batekin (helburu hau ere PIGRUG bertan agertzen da) arazoaren %80ari aurre egingo genioke.

Gaur gaurkoz ez gara ados jartzen beste %20 horretan. Ados. Baina ezin dugu horregatik beste guztian elkarlana baztertu. Eta horretarako adostasunak topatu nahi ditugu. Ez dizuegu eskatzen errausketari muzin egiteko. Eskatzen dizuegun bakarra zuek onartutako PIGRUGean agertzen diren urrats eta azpiegiturak eraikitzeko bidaia lagun izatea. Hemen etxe honetan, mankomunitateetan, udaletan.

Gipuzkoarrek eskertuko digute. Gipuzkoarrek hala eskatzen digute. Ahal den neurrian eraikitzaileak izan gaitezen eta ahal den neurriraino aurrera egin dezagun elkarlanean.

Hemen dugu ba aukera. Horrela, aldundiak elkarlana sustatzeko harreman dinamika bat abiatuko du urte honen bukaera bitarte. Aipatu ditugun helburuetan eta inori printzipiorik alboratzeko eskatu gabe elkarlan giro bat sortu nahi dugu. Ados gauden gauzetan elkarlanik ezin egitea haundia litzateke gero, gipuzkoarrek ez dute hori merezi.

Ados gaude birziklapenaren Gipuzkoa eraiki behar dugula. Ados dago Gipuzkoako jendartea ere. Europan erreferente izango den lurraldea eraikitzeko aukera dugu. 2014an ados gauden %80 hori eraikitzeko parada dugu 2013ko azken hilabeteotan elkarlanerako urratsak emanaz. Horretan buru-belarri arituko gera zuokin helburu honetan bidailagun izan gaitezen. Heldu diezaiegun gipuzkoarren interesei, herrigintza egin dezagun, alderdikeria behingoz baztertzen.