Funtzio publikoan ere aurrerapausu esanguratsuak eman ditugu.

Gogoratu horrenbeste arazo sortu zituen 2012ko abenduko ordainsari-osagarriaren ordainketa, guk Aldundiko enplegatu publikoei ordaindu egin geniela.

Goi karguen pribilegioak kentzeko neurriak hartu ditugu
Goi-karguen pribilegioen inguruan, gogoratu behar dugu Gobernu Foraleko diputatu eta zuzendariek orain arte, arauketa espezifiko baten arabera, pribilegiozko egoera batekin aurkitzen zirela kargua lagatzerakoan.

Alde batetik, kargua laga eta hurrengo hilabetean diputatu nagusiak eta foru diputatuek prestazio ekonomiko bat jasotzen zuten, behin bakarrik, ordainsarien hileko bat adinakoa.

Bestalde, prestazio ekonomiko hori eragotzi gabe, kargugabetzearen ondorioz langabezian gelditzen zirenek aldi baterako prestazio ekonomikoa jasotzen zuten, hileroko ordainsariaren %40koaren hainbatekoa, iraupena betiere gutxienez 3 hilabetekoa eta gehienez 12 hilabetekoa izanik.

Azkenik, biziarteko pentsioa jasotzeko eskubidea ere bazuten, beraien edo beraien familien alde, zerbitzu aktiboan ziren bitartean kargua betetzeko ez gai gelditzen baziren edo heriotza gertatzen baldin bazen.
Foru Gobernu honen ustez, ezin da zuritu ezta ulertu ere Instituzio publikoko ordezkariok horrelako pribilegioak izatea. Beraz, Batzar Nagusiek onartu duten aldaketaren arabera, guztiz ezabatu egin ditugu baldintza berezi hauek, eta aurrerantzean pribilegioak kendu eta Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorraren babes sistema aplikatuko zaigu goi-karguoi, besteren konturako langileen baldintza berdinekin.

Gogoratu beharra dago, 2006. urtean, lege aldaketaren ondorioz kargu publikoak gizarte segurantzan integratuak geratu zirela. Orduz geroztik, beraz, posible zuten aurreko legealdian aldaketa hauek egitea, baina pribilegioak mantentzea erabaki zuten. Guri aldaketa hau beharrezkoa dela iruditzen zaigu, alde batetik, egungo arau esparruan, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrak erantzun nahikoa ematen duelako; eta bestetik, gizartearen eta herritarren ikusmoldea hartuta, ezin delako ulertu diputatuek pribilegiozko egoeratzat jotzen den arauketa espezifikoa izatea.

Gardentasunari eta informazio publikoa eskuratzeari buruzko Foru Arauaren Aurreproiektua lantzen ari gara eta kontratu publikoetan klausula sozialak sartzeko proposamen bat.

Gai estrategikoak negoziatzeko martxan jarritako batzordeen sorrera edo berraktibazioa:

  1. Berdintasun batzordea: bizitza pertsonala eta laborala kontziliatzearen aldeko neurriak sindikatuekin adostu (lanaldiaren murrizketarako epea, malgutasun adizionala, aitaren edoskitze eskubidea zabaldu, ...).
  2. Azpikontratazioari aurre egiteko batzordea: pribatizatutako zerbitzu publikoen diagnostikoa burutzea, lehentasunak finkatzea, gizarte politikako departamentuan hainbat kontraten berreskuratzeko lanketa egitea.
  3. Lan Osasuneko batzordea: "Laneko indarkeriari Zero Tolerantzia" adierazpen instituzionala onartzea eta argitaratzea, errepideetako hainbat lan arriskutsuetan neurri prebentiboak hartzea, lipoatrofia kasu berriak zorrotz aztertzea.

- Unibertsitateko ikasleek Aldundian egiten dituzten praktikak arautzea eta laguntza ekonomiko bat emateko aurrekontua hornitzea.

- Lan poltsak osatzeko deialdi publikoak egin Departamentu desberdinak dituzten beharrak asetzeko