Garapenerako Lankidetzaren ehunekoa mantendu dugun Gobernu bakarra gara.

Garapenerako lankidetza, guk ulertzen dugun bezala, berez politika bat da, ez da, karitatearekin eta oparotasun ekonomikoko garaiekin lotutako neurri edo jarduera puntualen multzo bat. Kontrakoa: izaera finko eta iraunkorreko politika bat da, nazioarteko elkartasunerako borondate politikoaren emaitza, gizarte-justizian oinarritzen den politika.

Nazioarte mailan, garapenerako laguntza ofizialak behera egin du, lehenengo aldiz, hamarkada luze baten ondoren.

Estatu espainolaren kasuan, beherakada gogorra izan da, eta garapenerako laguntza ofizialaren aurrekontua %70 murriztu da 2008az geroztik, OCDEko emaileen artean murrizketa handiena egin dutenen artean kokatuz.

Duela gutxira arte, euskal erakunde publikoen egoera egonkorragoa zen; baina azken bi urteetan, joera hori eten egin da eta gehienek murrizketa handiak ezarri dituzte lankidetzako kontu sailetan. Bereziki nabarmentzekoa da Eusko Jaurlaritzaren kasua, honek duen garrantziagatik.

Hemendik aurrera, erakunde eta eragile politiko bakoitzak erakutsi beharko du garapenerako lankidetzako politikekiko duen konpromisoa, nahitaezkoak diren eta oparotasun ekonomikoko garaietara soilik lotuta ez dauden politika publiko gisa ulertuta.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, aldiz, konpromiso horri eutsi egingo dio egin dugun Lankidetza Planaren bidez, gainerako erakundeen joeratik bereiziz, berriro ere erakutsiz gure eredua eta lehentasunak beste batzuk direla.

Ez naiz gehiago luzatuko Gizarte Politikako Departamentuak egin dituen aipatzen eta asmo onak goraipatzen, baina euskaldunontzako oso gertukoa sentitzen dugun arazo bati aipamen berezia egin nahi nioke, Saharako proiektuari hain zuzen.

Ezagutzen duzue guren gobernuak Nazioarteko gizarte mugimenduekiko lankidetza zuzena sustatzeko hartutako konpromisoa; zehazki, elikadura subiranotasuna eta feminismoa helburu duten mugimenduekiko.

Baita Estaturik gabeko herriei laguntzeko konpromisoa: Hemen kokatzen da Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoari emandako laguntzei esker argitaratu berri den ikerketa: Mendebaldeko Saharan izan diren giza eskubideen urraketa larria aireratu duena.

Azpimarratu behar dut Saharar herriak bizi duen gatazkak "izaera politikoa" duela, eta konponbidea Nazioarteko Komunitatearen eskuetan dagoela, bereziki, Espainiako Erreinuaren eskuetan. Beraien ardura baita Marokori presio egitea nazioarteko legalitatea bete dezan eta herri sahararraren autodeterminazio eskubidea onartzeko. Bigarrenik, ezinbestekoa da Mendebaldeko Saharan Marokok eragindako indarkeria aitortu eta egia, ordaina eta justizia bilatzea biktimentzat.