Izan dira ere arazoak. Hortxe dugu Zaharren egoitzen greba.

Jakina, guk ez ditugu Madrilgo murrizketa sozialik onartzen, ezta gure langileen lan balditzetan ezarri nahi dituzten murrizketak.

Rajoiren erreformaren kontra borrokatu dira zaharren egoitzetan lan egiten duten emakumeak eta lehenengo aldiz, erakunde publiko bat izan dute bidelagun. Ezin ditugulako zaintza duinak bermatu sare publikoan baldin eta langileak lan baldintza duinak ez duten.

Beste sektoreetako langileen hitzarmen kolektiboak ere errespetatu ditugu, adin txikikoen pisuetan lan egiten duten 400 langileen soldata igoerak ordaindu ditugu.
Denok dakizue, honetan, Eusko Jaurlaritzak porrot egin duela hitzarmen kolektiboen negoziazioan baina guk gipuzkoarron lan baldintzak babestu ditugu.

Zaintza sare publikoa indartu eta hirugarren adinekoei kalitatezko eta duintasunezko zaintzak eskaintzea izan da eta da Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura, betebeharra eta helburua. Ideia hau ardatz hartuta, Gizarte Politikako Departamentuak bi urtetan 8,2 milioi euro xedatzea erabaki zuen Gipuzkoako egoitzetako eta eguneko zentroetako 4.800 langileen lan baldintzen hobekuntza finantziatzeko, beti ere entitate kudeatzaileek lan erreforma espainiarra aplikatzen ez badute.
Horrela gainditu nahi izan zuen Aldundiak greba egoera eta erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua babestu; duintasunezko zaintzak emateko, duintasunezko lan baldintzak izatea ezinbestekoa delako

Adinekoen egoitzetan, gainera, plaza berriak ireki ditugu eta itxaron zerrenda gutxitu egin dira. Datuak hor dauzkagu:

Adinekoentzako egoitzetarako itxaron zerrendak % 33,7 egin du behera Gipuzkoan

Batzar Nagusi hauetan erakutsi genuen azterketaren arabera, gaur egun 63 egoitza daude Gipuzkoan, guztira 5.360 plaza, eta horietatik 4.647, hau da, % 87a, Foru Administrazioarekin hitzartutakoak dira. Aldundiak 1.500 eskaera inguru jasotzen ditu urtero zentro horietara sartzeko, eta azken urteetan zenbateko hori egonkortu egin da.

Nahiz eta eskaera mantendu egin den, azpimarragarria da itxaron zerrenda nabarmen jaitsi dela; izan ere, gaur egungo zerrendan 559 pertsona daude eta legealdi honen hasieran, berriz, 843 pertsona zeuden. Gainera, itxaron zerrendako % 57ak ukatu egin duela bere eskualdeko egoitza batean Aldundiak eskainitako plaza eta, beraz, benetako beharrean daudenen edo zentro batean berehala sartzeko benetako nahia dutenen kopurua askoz ere txikiagoa izango litzatekeela.

Halaber, nabarmen murriztu da hitzartutako zentroetarako eskaerak jasotzen direnetik plazak esleitzen diren  arteko denbora.  Izan ere, 2010ean, batez besteko itxaronaldia 191 egunekoa zen, eta desoreka handia zegoen eskualdeen artean: Bidasoaldean bataz besteko itxaron aldia 354 egunekoa zen eta Donostialdean, berriz, 228 egunekoa. Gaur egun, zenbateko hori asko jaitsi da eta 88 egunekoa da, eskualdeen artean diferentzia handirik izan gabe.

Era berean, eguneko zentroetarako itxaron zerrenda ere jaitsi egin da, hau da, 205 pertsonatik 181era adinekoen zerrenda, eta  31tik 19ra desgaitasunen bat dutenena. Buruko gaixotasuna dutenenen zerrendari dagokionez, nahiz eta otsailaren 28ko datuen arabera, zerrendak pixka bat gora egin zuen (18tik 25era).

Datu horiek foru gobernuaren politikak egiaztatzen dituzte; izan ere, Gipuzkoan 280 plaza ireki zituen guztira egoitzetan eta eguneko zentroetan 2012. urtean, eta zerbitzuak zabaltzen jarraitzen du. Halere, nahiz eta beharrezkoa izan egoitza sarea zabaltzen jarraitzea, mendekotasunaren arretaren alorrari dagokionez, etorkizuneko benetako erronka beste bat da, hau da, pertsona horiek beren ingurunean jarraitzeko politikak hobetzea". Izan ere, ingurune horretan elkartzen dira foru erakundearen arreta jasotzen duten mendeko pertsona gehienak, mendekotasuna duten 20.500 pertsona inguruk jasotzen baitute zerbitzu edo prestazioren bat beraien etxeetan.

Hori izan da eta izango da gure lehentasuna: mendekotasuna duten pertsonak ahalik eta gehien beraien etxeetan edo ingurunean jarraitzea, diru laguntzak emanez familia inguruneko zaintzarako edo laguntzaile pertsonalak kontratatzeko eta, halaber, behar diren zerbitzuak emanez pertsona horiek bizitza duina eta autonomoa izan dezaten. Horretarako sendotzen ari gara eguneko zentroak, laguntza teknikoak eta Etxeko Laguntza Zerbitzua.

Horregatik, Gizarte Politikako Departamentuak bere gain hartu du 2013-2016 Mendekotasunaren Arreta Hobetzeko Planean jasotako neurriak garatzen jarraitzeko konpromisoa:

  • Mendekotasun Legearen murrizketei eustea: Gure Foru Gobernuak berretsi egiten du ez duela aplikatuko mendekotasunaren prestazioak murrizteko Madrilen hartu den erabakia eta Aldundiko diru-kutxaren kargura osatuko direla".
  • Zaintza profesionalak sustatzea Laguntza Pertsonaleko Prestazio Ekonomikoaren bitartez: Gipuzkoako Aldundiak laguntza hori zabaldu du mendekotasunaren gradu guztietara, zaintzaile profesionalen araututako kontratazioa errazteko helburuarekin.
  • Etxeko Arreta Zerbitzua hobetzeko laguntza udalei ematea: Gizarte Politikako Departamentuak bere gain hartu du udalekin batera Etxeko Arreta Zerbitzua finanziatzen jarraitzeko konpromisoa  eta, aldi berean, hori indartzeko plana proposatu du.
  • Prestazioen eta inguruneko zerbitzuen arteko bateragarritasuna mantentzea: beste lurralde batzuetan ez bezala, Bizkaian adibidez, Gipuzkoan mendekotasuna duten pertsonek, laguntza ekonomikoak jasotzeaz gain, eguneko zentroko zerbitzua edo Etxeko Arreta Zerbitzua ere jaso dezakete. Foru Gobernuak beharrezkotzat jotzen du bateragarritasun hori mantentzea.
  • Kalitatezko inguruneko arreta bermatzea Aldundiaren eta Udalaren laguntza zerbitzuaren bitartez: Gizarte Politikako Departamentuak zerbitzu berri bat sortzea proposatu die lurraldeko udalei (Aldundiak finantzatuta) mendekotasuna duten pertsonei eta beren zaintzaileei laguntza eta aholkua beren etxeetan emateko.