Krisialdi ekonomikoak ahulenak kolpatzen dituela behin eta berriro salatu egin dugu Foru Gobernu honetatik. Etxe kaleratzeak ditugu errealitate bortitz honen adibide gordina. Gaur egun, familiak etxea galtzen ari dira, finantzen eta higiezinen alorreko burbuila lehertu delarik eragindako zorpetzearen eraginez.

Bere garaian etxebizitzen prezioek izan zuten gorakadak, krisialdiak ekarri duen enplegu suntsipenarekin batera, ondorio ekarri du muga-mugako egoeran dauden familiek modurik ez izatea bere oinarrizko beharrak estaltzeko; eta horien artean dago etxebizitzak ordaintzea.

Agerikoa da sistema neoliberal honen diktadurapean heldu garela egoera honetara: Hipoteka exekuzioak gupidarik gabeko entitateen eskuetan dauden tresna dira, muturreko egoeran dauden pertsonei erabateko hondamenera eramateko inolako zalantzarik ez dutenak.

Behar besteko diru sarrerarik ez dutelako pertsonak etxetik ateratzen dituztela-eta sortzen ari den drama soziala jasanezina ari da bilakatzen gizarte kontzientzian eta elkarbizitza demokratikoan.

Dagoeneko suizidioak, depresio larriak eta egoera honek zuzenean eragiten dien milaka pertsonaren eta senideren gaixotasunak ditugu. Guztiok ezagutzen ditugu bankaren bihozgabetasunaren biktima izan direnen izenak, indarkeria ekonomikoaren hildakoak, irabaziak pertsonen gainetik jarri izanaren ondorio. Hau guztia botere finantzieroaren menpeko gobernuek babestutako legeekin.
Testuinguru honetan, gure instituzioak herritarren alde jartzeko unea heldu dela uste dugu, erakundeak gure auzokideen ondoan jartzekoa. Gipuzkoako Foru Aldundian, etxe desjabetzen aurrean ekintza konfrontatzailea, sendoa instituzioetara ekarri dugu.

Horregatik, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoarekin hitzarmen bat sinatu dugu laguntza juridiko integraleko zerbitzua emateko etxe kaleratze arriskuan dauden pertsonei, Lurralde Historikoan bizi diren pertsonen eskubideak babestea gure ardura delako. Hori da, gure esku dauzkagun tresnak injustizia latzari aurre egiteko modua. Beste batzuk itsuarena egiten zuten bitartean eta euren kontrolpeko kutxa eta bankuak desjabetzeak agindu eta euren poliziak barbaridadea gauzatzera bidaltzen zituzten artean. Bada, bai, diferentzia.