Pobreziaren kontrako laguntza ere gure eguneroko lanaren erdi-erdian egon da.

Hor dugu Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza. Oinarri-oinarrizko beharrak bermatzekoa dena eta, jadanik 840 onuradun dituena Gipuzkoan.

Aurten, ia 6 milioi euro gastatuko ditugu laguntza honetan, berriro ere gure eskumena ez izan arren.

Gure gobernuak Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza onartu zuen Eusko Jaurlaritzak aplikatutako murrizketa sozialek eragindako huts larria betetzeko.

Prestazio sozial horren bitartez gutxieneko diru-sarrera batzuk bermatu egin diegu Euskadiko Autonomia Erkidegoan hiru urtetan erroldatuta ez egoteagatik Eusko Jaurlaritzak babes saretik kanpo utzi dituen pertsonei.

Foru Aldundiaren helburua izan da gure lurraldean zabaltzen ari den pobrezia geldiaraztea eta Eusko Jaurlaritzaren arduragabekeriak eta bere eskumenei aurre egiteko ezintasunak eragindako ondorioak arintzea, ahal den neurrian behintzat".

Prestazio hori inolako sarrerarik ez dutenei edota oinarrizko beharrei edo gizarteratzeko prozesuari aurre egiteko nahikoa maila ez dutenei ematen zaie. Hori da gure eredua.

"Eta aitortu behar dut benetan pozik nagoela gure Gizarte Politika departamentuak arlo honetan egin duena lanagatik, ze jakitea 800 lagun gelditzen direla pobrezia egoeran Gipuzkoan eta hori konpontzeko ezer ez egitea, arduragabekeria politikoaz gain, moraltasun falta ere dala uste dut.

Horregatik, beharrezkotzat jo dugu foru aurrekontuaren zati bat Gipuzkoako babes sare propioa sortzeko erabiltzea; izan ere, nahiz eta gure eskumenekoa ez izan, konpromiso hori hartu dugu Eusko Jaurlaritzaren jardungabeziaren aurrean.

Foru gobernu hau ezin zen ezer egin gabe gelditu pobrezia hazten ari den bitartean. Gipuzkoako herritarren bizitza baldintzak hobetzeko gobernatzen dugu, desberdintasunaren kontra borroka egiteko, eta lurraldeko errenta modu egokian banatzeko, eta hori guztia lortu nahi dugu hainbat neurri erabilita, erreforma fiskala eta aipatzen dudan dekretu hau, besteak beste"

Pobrezia neurtzeko tresna berria sortu egin dugu eta baita Gizarteratze zerbitzuak indartu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 23.308.000 euro baino gehixeago inbertitu ditu 2013. urtean pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurka borrokatzeko.

Arlo horretako aurrekontuak %18ko igoera izan du azken bi urteotan, eta kontuan hartu 6.700 kasu baino gehiago artatu zituela 2012. urtean.

Neurri guztien artean, lehen aipatu dudan Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntzaren sorreraz gain arrisku egoeran dauden 18 eta 23 urte bitarteko gazteei zuzendutako laguntza ekonomiko berri bat ere sortu dugula. Honetaz gain, Ogasuneko foru departamentuarekin batera, adin txikikoak beren kargu dituzten pertsona guztientzat hilero gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko erregulazio fiskala aztertzen ari garela.

Gaur egun. Gipuzkoako Foru Aldundiak 431 plaza ditu egoitzetan eta 163 plaza eguneko zentroetan, gizarteratzeko arazoak dituzten pertsonentzat:, emantzipazio etxebizitzak, familientzako laguntza, kartzelatik irten direnak, alkoholikoak, adimen gaixotasuna dutenak...

Arazo ugari dituzten pertsonak dira: desegituraketa pertsonal nabarmena, alkohol eta droga kontsumoak, adimen gaixotasuna, ahultasun handiko gazteak. Horretan lan egin behar genuela uste genuen, eta horretan ari gara.