Gipuzkoaz eta gipuzkoarrez hitz egingo dugu saio honetan, baina hemen zaudeten ordezkari guztioi zor dizuedan errespetuari muzin egin gabe, eta zuen baimenarekin une batez Euskal Herriaz ere hitz egin behar dut, tamalez gipuzkoarrok eta, oro har, euskal herritar guztiok ditugun bake eta askatasun ametsak zapuzteko ahaleginek gordin kolpatu baitute herri txiki hau.

Atzo bertan pairatu dugu onartezina den Guardia Zibilaren operazio bat. Beste bat. Herri honen bake eta askatasun gogoa behin eta berriro zapuzten saiatzen ari dira, armak eskuan euskal herritar konprometituak ziega beltzean sartzeko indar egiten ari dira. Mina, sufrimendua, familiak hausten saiatzen ari dira, malkoz bustitzen gure irribarreak baina alferrik dira, galdu dute. Ez badakite ere, galdu dute. Jakin bezate euskal herritarren harresiarekin topo egin dutela, herri honetatik bota egingo ditugula, ez ditugula nahi, ez ditugula behar, gure herria bakean eta askatasunean eraikiko dugula, sasi guztien gainetik eta Auzitegi nazionaleko morroi guztien azpitik. Espainiako gobernua ihesean dabil, noraezean, mina eragiten bai, baina noraezean. BBNN hauetatik nire elkartasun eta besarkada beroena atxilotuak izan diren eta euren senide eta lagunei. Zuekin guztiekin nago.

Ez da zuzena herri honek hainbeste sufritu behar izatea, ez da zuzena herri honi eta bertako herritarrei hainbeste sufriaraztea. Ez da zilegi. PPko eta PSEko ordezkariak zaudete hemen. Zuen alderdiak dira honen guztiaren erantzule, baina ez ahaztu, zuena, siglaz gain pertsonena ere bada erantzukizuna. Herri honek aurre egin ez dezan estrategia bat babestu eta sustatzen duzue, estatu estrategia bat. Hitzetik hortzera erabiltzen duzue demokrazia bezalako hitzak: bakea, askatasuna, herritarren interesa... Gezurra da, Zuek Guardia Zibilaren demokrazia defendatzen duzue, atzo bezala, 18 familia apurtzea babesten duzue, herri hau itoarazi nahi duzue, zuen Espainia hondoratuko den beldur zarete. Euskaldunok herri izateko eskubidea dugu, gure etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea dugu eta zuek diozue ezetz, eta arrazoi faltan sufrimendua banatzen duzue, mina eragiten duzue.

Ulertzen dugu PPren posizioa, badakigu zein den euren Espainia eredua, Europan zehar barrea eragiten duen iruzurtien eredu horretatik ez dugu ezer espero, ez bada ustelkeria, iruzurra eta demokrazia gabezia. Ez dute ezer eskaintzeko.

Kezkagarriagoa da, ordea, PSEren jokabidea. Bazirudien ezkerretik eraiki nahi zenutela herri hau, bai behintzat Gipuzkoan. Baina bluf bat izan zarete. Zenituzten ustezko balore horiek hutsaren hurrengo bihurtu dituzue. Gezurra badirudi ere, Euskal Herritik begiratuta ez dago desberdintasunik zuen eta Raxoiren alderdiaren artean, zuen eskaintza polizi operazioak eta herri honen bake nahiak zapuztea da, gatazka konpontzeko ahaleginak ezerezean uztea, Euskal Herria herri izateko borondatea itotzea. Edo zertan okertu naiz?

PPko eta PSEko ordezkariok: jakin badakizue euskal herritarrok, eta gipuzkoarrok zer esanik ez, bakea nahi dugula, denok sufritzen dugun gatazka politikoa konpondu nahi dugula. Ez dugu errespeturik merezi? Norbaiti baimena eskatu behar diogu gure etorkizuna nahi bezala erabakitzeko?

Bide bat abiatu dugu. Beste batzuk, Katalunian edo Eskozian egiten ari diren bezala, gu ere euskal bidea egiten ari gara. Bertako herritarrok nahi duguna izatea aldarrikatzen dugu, izan ikasle, behargin edo jubilatu. Langile edo enpresari. Gazte zein amon. Denon artean egingo dugu bidea, atzera bueltarik gabekoa. Eta denon artean esaten dudanean aurrera egin nahi duten guztiei zuzentzen natzaie.

Kalean galdetuta, ez dut zalantza izpirik. Gipuzkoako herritar gehienek herri honetan sinesten dute, herri honen eskubideak errespetatuak izan daitezen eskatzen dute. Ezin diegu hutsik egin. Diputatu nagusi naizen aldetik, dei berezia egin nahi diot Eusko Alderdi Jeltzaleari. Izan gaitezen arduratsu, herri honetan pentsa dezagun, herritarrengan pentsa dezagun, entzun ditzagun herritarrak. Herri gisa pentsatuz gero, herri gisa erantzuten, herrigintza egingo dugu. Esku luzatzen diot EAJri Gipuzkoa eta Euskal Herria elkarrekin eraiki dezagun, pentsaera desberdinak izan arren, mila hika-mika izan arren, alderdikeriak baztertuta herri interesak gailendu behar du, Euskal Herriaren ettorkizuna euskaldunon artean erabaki behar dugu. Etorkizuna gurea izan daitekeelako, izan behar duelako. Eta aukera dugu Gipuzkoatik hasita.

Krisi gogorrak astintzen du Europa osoa. Eta itsaso horretan Gipuzkoa hor ari da arraunean, gogor gainera. Familia asko larri badabiltza ere, langabeziaren zulo beltza presente badago ere, enpresari asko larri badabiltza ere, Gipuzkoa ez dago abailduta.

Hego Euskal Herriko langabezi tasa txikiena dugu, Barne Produktu Gordinaren jaitsiera gelditu dugu, okupazio tasa %64koa dugu, Ikerketa eta Garapenean inbertitutakoa, hau da, etorkizunean inbertitutakoaren parerik ez dago inguruan, iruzur fiskalari geroz eta indar handiagoz egiten diogu aurre... Eta aldi berean, ez ditugu beharra duten gipuzkoarrak ahanzten. Ez da karitatea, konpromiso etikoa baizik. Gizarte eredu bat dugu, Gipuzkoa eredu bat dugu eta martxan dago. Gipuzkoa badoa, gipuzkoarrok bagoaz. Gure Gipuzkoan ez dute tokirik espekulatzaileek, iruzurgileek. Ez dute tokirik krisi hau sortu eta orain herritarren izerdiaz aprobetxatu nahi duen banketxe bihozgabeek.

Gipuzkoa gipuzkoarrak egiten ari gara, herrietatik, eskualdeetatik. Akordio handi zein txikiak egiten, hitzarmenak lotzen garapen agentziekin nola hezkuntza munduarekin. Enplegua sustatzeko Krisiaren Aurkako Planarekin, 2.000 lanposturako 21.000 euro jarrita, ekintzailetasuna bultzatuta, euskaraz. Gipuzkoa berdea, zuria... kolore anitzekoa, denok gure aletxoa jartzen. Elkarlanean.

Gipuzkoarrok elkarlanean aritzea eskatzen digute eta horixe da nire eskaintza herri honetan sinesten dugunoi. Berriro diot: Eusko Alderdi Jeltzaleari esku luzatzen diot Gipuzkoa aurrerakoi, euskaldun eta zuzenagoa egin dezakegu, gure etorkizunaren jabe izan gaitezen, Gipuzkoa honek merezi duelako. Zinez diot merezi duela, zalantzarik gabe. Lan eskerga egiten ari gara, oparoa.
Eta ez gara nekatzen.