PSEk gaur goizean egin dituen adierazpenak direla eta, Garitanoren aurkako zentsura mozioa mahai gainean jartzen, EH Bildutik zera esan nahi dugu:

• PSEren nora ezaren eszenifikazioaren aurrean gaude, egin dutenak ez baitu ez buru ez hankarik. Zentsura mozioa aurkeztuko dutela iragarri dute, hain zuzen ere, PSEk berak , bere lanak bete dituela eta, Foru Aldundiko Berrikuntza Diputatua kargutik kentzeko gaitzespena atzera bota ondoren. Hori guztia PSEk berak erraztu zituen aurrekontuak indarrean jarraitzen duten bitartean.

• PSE, gainera, azkenaldian behin eta berriz adierazten ari da erabakitze eskubidearen aurka dagoela. Bere buruzagiek argi eta garbi esan dute ez dutela era baketsu eta demokratikoan herri honek adierazitako hitza era erabakia errespetatuko. Jarrera hauekin, PSEk bere burua antzutu egiten du, eta ez da gai izango akordio serio eta sinesgarriak sinatu ahal izateko. Gipuzkoak dituen arazo eta erronkak gainditzea ez da bateragarria Iñaki Arriola eta Rafaela Romeroren umekeria eta eskizofrenia politikoarekin.

 

• Egoera honen aurrean, deialdi bat egin nahi diegu Gipuzkoako eragile guztiei, baita PNVri ere, euskal bidearen alde egiteko. Gipuzkoan dauden eragile sozial eta politiko gehienek erabakitze eskubidearen alde eta gure erantzukizuna da akordio zabalak sinatzea eta gehiengo hau irudikatzea eta begi-bistan uztea. Filosofia hau bururaino eramateko konpromisoa adierazi nahi du EH Bilduk.

• Bien bitartea, EH Bilduko gobernu guztiek lanean jarraituko dute herritarrentzat eta herritarrekin. Gipuzkoako jendartearen nahiak eta beharrak dira EH Bilduren iparra eta gaur PSEk egindako adierazpenek eta herrialdean ematen diren antzeko eztabaida antzuek ez dute ipar hau aldatuko. Nahiz eta eztabaida antzu hauek prentsa lobby batzuk, patronala edo Madrilek berak zuzenean sustatu.