Bihar egingo den Administrazio Kontseiluan indizea eta klausula erabiltzeari behingoz uztea exijituko du koalizioak

Kutxako Administrazio Kontseilua bilduko da bihar, eta bertara hainbat galdera eta proposamen aurkeztuko ditu EH Bilduren ordezkaritzak. Besteak beste, hipoteketan indarrean dagoen IRPH indizeari buruzko zein lurzoru klausularen aplikazioari buruzko zenbait informazio eskatuko du, eta IRPH indizea aplikatzeari utzi eta kontratuetan jasotzen dena aplikatu dadila eskatuko du berriro, bai eta lurzolu klausulak apikatzeari utz diezaiola.

Era horretara, EH Bilduk gogoratu du joan den uztaileko Administrazio Kontseiluan IRPH indizea erabiltzeari uztea onartu zela. Orain, ordea, jakin nahi du zeintzuk urrats eman diren erabaki hori gauzatzeko eta egun zenbat hipoteka kontratuk mantentzen duten IRPH indizea.

IRPH indizearen erabilera kritikatu du koalizioak, eta gogoratu du legeak esaten duela indize hori erabiltzeari utzi behar diotela kutxek. Zentzu horretan, IRPH indizearen aplikazioak herritarrei 35 milioi euro gehiegikeriz kobratzea ekartzen duela azpimarratu du.

Zentzu horretan, EH Bilduk salatu nahi du gai honen inguruan EAJ, PPk eta PSE-EEk duten konplizitatea IRPH indizearen aplikazioa ezabatzeko, eta horren adibide onena da astelehenean Gipuzkoako BBNNetan gertatutakoa eta hiru alderdi horiek nola ekidin zuten gai honen eztabaida Gipuzkoako instituzio gorenean. EH Bilduk ezin du onartu alderdi batzuk jendaurrean gauza batzuk esatea eta gero, erabaki eraginkorrak hartu behar diren organoetan, esaten denaren kontrakoa egitea. Zentzu horretan, herritarrei iruzurra egiten ari zaizkie. Eta iruzur egiten ari zaizkie, legeak esaten duena baino askoz kopuru handiagoak ordaintzera behartzen dituztelako. Iturbe jaunak eta bere politikak babesten dituztenek azalpenak eman beharko lituzkete jendaurrean, erabakiak hartzeko gardenak ez diren organoetan ezkutatu barik.

Antzeko informazio eskaera egin du EH Bilduk lurzoru klausulei dagokienean, eta egun zenbat hipotekek duten klausula hori jakin nahi du. Zentzu horretan, koalizioak azpimarratu du urtean 36 milioi euro gehiegikeriz kobratzen zaizkiela herritarrei.

Hau da, legeak ez ezartzea eskatzen duen lurzoru klausulak eta IRPH indizea erabilita, Kutxako bezeroei behar baino 71 milioi euro gehiago kobratzen zaizkie urtean. Horri gaineratu behar zaio Bilbao Barri egiteko 7.750.000 euro jarri zituela Kutxabank-ek, eta horri hasieran jarritako 50 milioi euroak gaineratu behar zaizkio.

Desjabetzeen inguruan ematen ari diren urratsez ere jakin nahi du EH Bilduk, eta Administrazio Kontseiluan galdetu du desjabetzeak egiterakoan abalistengana jotzen ari den eta zein irizpide erabiltzen diren horretarako. Halaber, gogoratu du Administrazio Kontseiluan onartu zela desjabetze prozesu bat hasi aurretik organo horretatik pasako zela erabaki zela. Baina nola bat bera ere ez zen pasatu, koalizioak jakin nahi du erabakia hartu zenetik ea prozesurik abiatu den edo ez.