Uztailean jakin genuen gaur egun Eibarko alkate den Miguel de los Toyosek auziperatu gisa deklaratu behar zuela Errebal kasuarengatik; joan den astean jakin genuen Iñaki Arriola, Gipuzkoako PSE-EEko burua, inputatua izan dela baita ere; eta atzo EAEko Kontu Auzitegiak adierazi zuen Errebal auzia irregulartasunez beteta dagoela.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak gutxienez zazpi irregulartasunak atzeman ditu Errebal auzian. Besteak bestea, kontratuaren esleipenak orubea ezin zela berriro erosi adierazi arren, Arriolak eta De los Toyosek berriro erosi zutela baieztatzen du Auzitegiak.

Politikarien ustelkeria gure jendarteak pairatzen duen arazorik larrainetarikoa da eta, tamalez, Errebal auzia ustelkeriaren liburu beltzean kapitulu berri bat idaztera doala aurreikusi daiteke, EAJk kudeatzen zuen Gipuzkoako Ogasunean gertatuko Bravo auziarekin, Barcenas auziarekin edota Nafarroako CAN auziarekin batera.

Aitzitik, ustelkeria besteek egiten dutenean salaketa handiak egiten dituzten berberak Arriola Auzian isilik daude. Ulertezina baldin bada ere, PSEko buruzagi nagusia prebarikazioa egiteagatik inputatua dagoela estaltzen eta gutxiesten ari dira.

Baina azkeneko asteetan publiko egiten ari diren auto eta txosten guztiak alarma pizten ari dira Gipuzkoako jendartearen artean. Eta honek eragile politiko guztien aldetik jarrera-hartze garbi bat eskatzen du, kargu publikoen ustelkeriaren aurka, orokorrean, baita Arriola auziaren aurrean ere.

Hori dela eta, EH Bilduk berretsi behar du Iñaki Arriolak legitimitate politiko eta etiko guztia galdu duela 'Errebal kasuan´ inputatua izan ondoren. Are gehiago, prebarikazioagatik inputatuta dagoen pertsona batek ez du inolako legitimitaterik herrialde honetan etika politikoaren bermatzaile bihurtzeko. Gainera, ezin da ahaztu alderdi politiko baten buruaz hitz egiten ari garela. Bai, hala da: Gipuzkoako hirugarren indar politikoa den PSEren burua inputatuta dago, prebarikazioagatik.

Politikan era batera edo bestera parte hartzen duten pertsona guztien ustelkeriaren aurrean, zero tolerantzia da EH Bilduren zutabe nagusietako bat, eta irmotasun handienarekin defendatuko dugu gure jardueraren esparru guztietan. Hori egiten jarraituko dugun konpromisoa hartzen dugu, beste behin.