Hondarribian gertatu diren dimisioen aurrean, eta ondoren sortu diren eztabaida publiko eta mediatikoak direla eta, EH Bildu koalizioak zera adierazi nahi du:

  • EH Bilduk berriro azpimarratu behar du 2011ko udal eta foru hauteskundetan Bildu koalizioaren listak osatu zuten pertsona guztiek kodigo etiko bat sinatu zutela. Kodigo horretan, beste gauza batzuen artean, emakumeen eskubideen aldeko jarrera aktiboa hartzeko konpromiso argia hartu zuten, emakumeak baztertzen dituzten jarrerak eta jarduerak alde batera utziaz.
  • Hondarribiko kasuan, kodigo etikoaz gain, EH Bilduko zinegotzi guztiek, salbuespenik gabe, Alardean ez parte hartzeko konpromiso irmoa sinatu zuten. Orain arte zinegotzia izan den Juan Ortizek ere konpromiso zehatz hori hartu zuen.
  • EH Bildu koalizioak, bere oinarri sozialarekin eta boto-emailearekin errespetu osoz, hauteskundetan aurkeztutako printzipio eta konpromiso politiko eta ideologikoetan oinarritzen du bere zinegotzi eta kargu politikoen jarduera politiko eta instituzionala. Eta herritarren aurrean hartzen diren konpromisoak betetzeko daude.
  • Bukatzeko, EH Bildu koalizioak polemika antzu bat mediatikoki areagotzen saiatzeko eragile politiko zehatz batzuk hartu duten erabakia salatzen du. Alardearen aferan, emakumeak baztertzen dituen jarduerak salatzeko eta emakumeen eskubideak defendatzeko duten konpromiso demokratiko falta da estali nahi dutena.